Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. TOKIKOMek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.
Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.
Komunitatearen saria
Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz.
Finalisten artean GUAIXEren Mozorrotu zaitez gurekin azala eta Batzen gaituena dokumentala daude, azalik onena eta ikus-entzunezkorik onena izendatuta, hurrenez hurren. Inauteri garaian argitaratutako azalaz epaimahari azpimagarria iruditu zaio, "egunerokotik atera eta arlan bihurtzeko pausua: aktualitateko irudi bat egunerokotik harago eraman eta artu bihurtu du, teknika ezberdinak aplikatuz, eta irudiak eta tipografia bikain uztartuz". GUAIXEren 25. urteurrenaren harira egindako dokumentalaz, "oso ikus-entzunezko berzia osatu" duela esan du epaimahaiak: "oso jatorri ezberdineko piezak uztartuz. Elementu horiek oso modu egokian konbinatzen asmatu dute, eta emaitza biziki interesgarria lortu, bizia eta gertukotasunarekin oso lotua".
Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, TOKIKOMen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Bozketa egiteko aukera ere webgune horietan izango da zabalik azaroaren 8ra arte.
TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. TOKIKOMeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.
Ezohiko sari banaketa
TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.
Finalisten zerrenda ikusteko: https://guaixe.eus/sakana/1603818039277-tokikom-sarien-finalistak
Bozkatzeko orria: https://guaixe.eus/sakana/1603818351008-tokikom-sarien-bozketa