Pilota

Baikoko pilotarien greba bukatu da

Guaixe 2020ko urr. 27a, 19:28
Urriaren 9an abiatu zuten grebaren berri emateko Baikokoek egin zuten agerraldia.

EPEL enpresen ligak eta pilotariek akordioa lortu dute, eta grebalariek euren aldarrikapen gehienak lortu dituzte. Tartean, Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkiete. Akordioa sektoriala da eta Baikori eta Asperi, bi enpresei eragingo die

Urriaren 9an pilotaren mundua astindu duen greba bertan behera gelditu da. Baikok eta Aspek osatzen duten EPEL enpresen ligak eta pilotariek akordioa lortu dute eta greban zeuden Baikoko pilotariak lanera itzuliko dira. Grebalarien artean Baikoko Joanes Bakaikoa pilotaria zegoen.

Akordio sektoriala
Lortutako akordioari esker, Baikok Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkie, epe ezberdinetan. Horretaz gain, bi aldeek beste zenbait puntu adostu dituzte. ELA sindikatuak azaldu duenez, pelotariek euren aldarrikapen nagusiak eskuratu dituzte. Akordioa sektoriala da, sektore guztian izango du eragina, eta, beraz, Baiko eta Aspe bi enpresetako pilotariei eragingo die. 

Akordioak guztira 8 puntu jasotzen ditu. Besteak beste, hemendik aurrera pilotarien gutxieneko soldata urtean 25.000 eurokoa izango da, betiere jaialdiak gutxienez %80ko aforoarekin egiten hasten direnetik aurrera. Norgehiagoka estelarra jokatzeagatik ere gehigarri bat jasoko dute, eta Hego Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenean ere gainsariak izango dituzte. Soldata baxuenak dituzten pelotariei esklusibitate klausulak malgutzea ere adostu dute bi aldeek. Bestalde, pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu, eta beste hainbat konpromiso hartuko dituzte enpresek.

Txapelketak, hurrengo astean
Akordioa bi enpresetako pilotarien %90ak sinatu behar du gutxienez indarrean jartzeko. Jokoan zeuden txapelketak, Binakakoa eta Banakakoa, ez dira asteburu honetan bueltatuko. Baikok eta Aspek guztia ongi lotu nahi dute eta aurreikusten da hurrengo asteburuan, azaroaren 6tik 8ra bitarteko asteburuan, itzuliko direla txapelketak.

ELAk "pilotariak zoriondu nahi ditu" egin duten borrokagatik. "Prozesu horren emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko" azaldu du sindikatuak.