Espainiako Vuelta 2020

Oilarren arteko lehia

Guaixe 2020ko urr. 29a, 11:28

Movistarrekoak tropeletik tiraka.

Primoz Roglicek irabazi zuen etapa eta Richard Carapazi aldea jan zion, baina azken horrek lidergoari eusten dio. Vuelta bien kontua dela dirudi

Moncalvilloko portuaren azken kilometro eta erdian bi txirrindulari onenen arteko borroka ikusgarria ikusi zen atzo: Primoz Roglic eta Richard Carapaz. Azken horren erasoari aise erantzun zion Roglicek. Ondoren berak erasoa jo zuen, baina Carapazek ondo eutsi zion. Elkarri eraso eginez eta nola edo hala eutsiz hurbildu ziren helmugara. Roglicek 700 metrora jo zuen azken erasoa,  Carapazek 30-40 metrora izan zuen Roglic, baina azken horrek beste erritmo aldaketa bat egin eta helmugan bakarrik aurkeztu zen. Esloveniarrak sailkapen nagusian aldeak murriztea lortu zuen, orain 13 segundora dago, baina ez maillot gorria janztea. 

Atzoko etapak 3.025 metroko desnibela pilatua zuen. Tropeletik zazpi txirrindularik egin zuten hanka. Carapaz liderraren taldeak tropelaren ardura hartu zuen, baina erritmoa ez zen bizia, eta iheslariek bost minuturen errenta lortu zuen. Movistar ez zegoen gustura lasterketaren bilakaerarekin, eta tropelaren abiadura handitu zuen. La Rasako portuaren gainean aldea erdira murriztu zuen. Mendian bera, Movistar abiadura bizian eraman zuen tropela eta 50 bat txirrinulari gelditu ziren hartan. Azken portura arteko ibilbidean Movistarrek ziztu bizian eraman zuen tropela. 

Etapa akabera eta eguneko mendate nagusian, Valverdek egin zuen lehen ahalegina, faboritoen multzoa gehiago tenkatuz. Movistarreko Soler eta Enric Mas ere ahalegindu ziren, alferrik. Gesinkek eta Andrey Amadorrek erantzun zioten. Baina Woods izan zen benetako aukeraketa egin zuena. Hor hasi ziren Carapazen eta Roglicen arteko erasoak. Kostata Dan Martin, Vlasov eta Hugh Carthy bi faboritoengana ailegatu ziren. Gerokoa bi oilarren arteko lehia izan zen. Gorka Izagirre  22. sartu zen helmugan, 3:48ra. Imanol Erbiti, berriz, 47. 12:54ra. Sailkapen nagusian ziordiarra 16. da 7 minutura eta hiriberriarra 61., ordu bat bi minutu eta 56 segundora. 

9. etapa da gaurkoa eta tropela Castrillo del Val eta Agilar de Campo artean ibiliko da. 157,7 km-ko etapa laua da. Beste sprint bat ikusteko aukera izanen da? Txirrindulari azkarren taldeek, behintzat horren alde lan eginen dute.