Odola emateko deialdia

Guaixe 2020ko urr. 29a, 14:29
Odol-emaileen autobusa Ziordian. Artxiboa.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak dohaintzak egitera animatu ditu herritarrak. Osagaien erreserbak handitu behar ditu, batez ere A+ eta O- taldeenak eta aferesi-dohaintzak.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak dei egin die nafarrei udazken honetan odol-emateak egiteko eta, horrela, erreserbak handitu ahal izateko. Izan ere, ospitale-eskariak gora egin du. Oraingo honetan, gonbidapen berezia egiten zaie aferesia ematen duten emaileei, bereziki A+ eta O- ematen duten pertsonei, dohaintza egitera joan daitezen eta aldez aurretik hitzordua har dezaten. 

Odol-premiak hematien kontzentratuetan eta 42 eta 7 eguneko iraungitze-aldiak dituzten plaketa-unitateetan zentratzen dira, hurrenez hurren. Hori dela eta, beharrezkoa da emaileen jario etengabea eta jarraitua izatea eta, ahal den neurrian, emaileen kolpe bakarra saihestea, odol-iraungitzeak areagotu ez daitezen. 

Odola emateko deia egin diete egun hauetan zitazioa jasotzen ari direnei. Hau da, azken bi hilabeteetan eman ez dutenei, betiere urtean gizonengan 4 donazio eta emakumeengan 3 donazio gainditzen ez badira (3 eta 4 hilabete baino lehen ematea aholkatzen da, hurrenez hurren); eta lehen aldiz emateko prest daudenei. 

Unitateen ordutegiak
Iruñean, Odol Bankua astelehenetik ostegunera dago irekita, 08:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan 08:00etatik 14: 30era. Bestalde, bankuko unitate mugikorra Olatzagutira  azaroaren 5ean etorriko da, eta Etxarri Aranatzen azaroaren 11n eta 18an izanen da. Hiru egunetan 17:00etatik 20:30era egonen da. 

Odola emateko aldez aurretik hitzordua eskatzeko honako telefonoetara hots egin behar da: Iruñean, 848 422 500; aferesientzako zenbaki espezifikoa 848 422 560 da, eta unitate mugikorrarena, 848 420 573.


Odola emateko, ezinbestekoa da:
- Osasunez ondo egotea
- Ondo hidratatzea. Likidoak edatea (alkoholik ez dutenak), bai eman aurretik, bai eman ondoren.
- Azken 28 egunetan COVID paziente positibo edo susmagarriekin kontaktuan egon ez izana.
- Sukarrik edo katarro-sintomarik ez izatea (sukarra, eztul lehorra, mukiak, eztarriko mina, arnasteko zailtasuna, dastamena edo usaimena galtzea, beherakoa) eta azken 15 egunetan izan ez izana.
- Azken 15 egunetan Europako herrialderen batean edo azken 30 egunetan Europatik kanpo egon ez izana (bazterketa-aldia handiagoa izan daiteke txaga- eta paludismo-herrialde endemikoetan). Informazio gehiago 848 422 570 telefonoan.
- Osasun-agintariek agintzen duten bezala, norberaren zaintzarako eta higienerako ohiko neurriak zorroztea (eskuen higienea, maskara nahitaez erabiltzea, besoarekin eztula egitean estaltzea, behin erabiltzeko zapiak erabiltzea).
- Etxetik irten aurretik tenperatura hartzea. 37º edo gehiagorekin, ez joan dohaintzara.
- Eman behar ez duten laguntzailerik gabe joatea, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta. 
- Ematea egin eta hurrengo 14 egunetan emaileak sintoma hauek baditu: ondoeza, sukarra, eztula… lehenbailehen jakinarazi beharko dio Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari, 848 422 570 telefonoan.
- Birus horrendako positibo gisa baieztatutako emaileak gutxienez 14 egun arte utziko dira ematetik kanpo, sintomak erabat ebazten direnetik zenbatzen hasita.
- Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak neurriak hartu ditu odola ematen/ateratzen parte hartzen duten pertsona guztien osasuna babesteko: eskuak desinfektatzea, tenperatura hartzea, aurretiko hitzordua, erabilera bakarreko boligrafoak (gurekin lankidetzan aritu zaitezke zure boligrafoa ekarrita), emaileen arteko distantzia handiagoa itxarongelan eta emate-gelan edo unitate mugikorrean.

Bankutik adierazi dutenez, “odola ematea zerbitzu publikoa da, eta ziur gaude zuen laguntzarekin lortuko dugula gure ospitaleetako odol-osagaien beharrei erantzutea eta, gainera, birusaren hedapena geldiarazten laguntzea”.