Aurten ez da Patata Operaziorik izanen

Guaixe 2020ko aza. 4a, 10:03

Alegria de Iruña peñako kideak jakiak jasotzen.

Pandemiagatik bertan behera utzi dute. Antolatzaileek mojen kongregazioaren aldeko diru ekarpenak egiteko deialdia egin dute.

Alegria de Iruña peñako kideak aurten ez dira Urdiain eta Satrustegi artean jakiak eskatzen ibiliko. Langintza horretan ibiltzen da urtero Fernando Setoain Jaurrieta peñako kidea. Hark azaldu duenez, “azaroaren 8an joan behar ginen bazkideak Sakanara, urtero moduan ohiko Patata Operazioa egitera. Baina COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz, aurten ez dugu Hermanitas de los Pobres kongregazioaren aldeko jaki bilketarik eginen”. Aurtengoa Patata Operazioaren 58. edizioa izan behar zuen. 

Jaki bilketa ez da eginen, baina mojen kongregazioa lagundu nahi dutenek haien egoitzara (Iruñeko Buztintxuri auzoan, Gipuzkoa etorbidea 38.) eraman ditzakete jakiak (patatak, kuiak, kuaitxoak, babarrunak, sagarrak, intxaurrak…). Bestela, diru ekarpena egiteko aukera dago. Horretarako, ES6221009161452100020177 kontu korrontea erabili daiteke. “Kontuan izanik zertara bideratzen den, ahal den neurrian, sakandarrak eskuzabalak izatera animatzen ditugu”.