Hirigintza planari bultzada ematen dion hitzarmena

Guaixe 2020ko aza. 3a, 09:57
Ergoienako ikuspegia.

Ergoienako Udalak eta Nafarroako Gobernuak plana egiteko hitzarmena joan den ostegunean sinatu zuten. Indarrean den hirigintza araudia 1996koa da, udala berritzen saiatu denean trabak izan ditu .

Ergoendarrek udalari hirigintza planagatik makina bat kexa egin dizkiote azken urteetan. Izan ere, 1996tik eguneratu gabe dago. Beharrezko moldaketak egin bazaizkio ere, azken hiru udalek hirigintza araudia berritu beharra zegoela sumatu zuten. Horretan ere ahalegindu ziren. 2008an hasi zen Ergoienako Udala hirigintza plana egiten. Lurralde Okupazio Estrategia eta Eredua txostena egin eta Nafarroako Gobernuari aurkeztu zion. Ergoendarrek ez zuten erantzunik jaso. Udalak lanak egin ondoren, gobernuak bere partea bete ez zuela sentitu zuten udaletxean. 

Aurreko legegintzaldian, Ergoienako Udalak hirigintza plana egiteko lanak eman zituen. 2018ko maiatzean, udaleko kideak eta udal arkitektoa ibarreko hiru herrietan izan ziren. Bilera erronda horren asmoa izan zen ergoendarren iritziak jasotzea, gero planean islatzeko. Udala parte-hartzearekin pozik gelditu zen. Hirigintza planari bultzada eman dion azkena Emeterio Senar Elso alkateak eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak eta bigarren lehendakariordeak joan den ostegunean sinatutako dokumentua da. Izan ere, Ergoienako hirigintza plana idazteko aurretiazko ituna zinpetu baitzuten.

Hitzarmena 
Ergoienako hirigintza plana egiteak 48.000 euro balio ditu eta adostutakoaren arabera, kopuru horren %80 gobernuak pagatuko du. Gainera, exekutiboak aurrera egin du hirigintza planaren tramitazioan, garapen jasangarria sustatzeko, indarra duen lurralde plangintzako tresnen zehaztapenekin bat. Aurreikusitakoaren arabera, 1996ko planean jasotakoa irizpide nagusiak mantenduko dituzte, plana ez baita garatu. 

Hiru herrietan etxe kopuru mugatu bat eraikitzea aurreikusi da. Guztira 30 etxebizitza; Lizarraga ipar-mendebaldean eta Unanu eta Dorraoko mendebaldean. Udalak ez du herri-lurrik etxebizitza politika garatu ahal izateko. Bestalde, jakinik mendizale ugari Unanutik abiatzen direla Beriain mendia igotzera, herri sarreran ibilgailuendako aparkaleku bat egitea aurreikusi da. 

Ergoienako bide sarearen ardatz dira NA-120 eta NA-7100 errepideak. Gaur egun biak asfaltatutako  dermioko bi bideren bidez lotuta daude eta hiru herrien arteko joan etorriak errazten dituzte. Bi errepideak batuko dituen bide berri bat egitea aurreikusi da. Baina oraindik ez da zehaztu non eginen den. Haren iparraldean, zehaztu gabeko tokiren batean, industriarako eremu estrategikoa aurreikusi dute. Horrekin batera, Zalduko Zubi industrialdea bermatu egiten da. Alkateak azaldu duenez, “etxe berriak egiteko eta etorkizuneko industria-garapenetarako lurzorua gordetzea Ergoienaren despopulazioaren fenomenoa geldiarazteko ahalegina dira”.