Espainiako Vuelta 2020

Polemikarekin bukatu zen etapa

Guaixe 2020ko urr. 30a, 10:07
Tropela luze luze eginda. VUELTA.ES

Sprintean azkarrean San Bennett izan zen, baina epaileek Pascal Ackermanni eman zioten garaipena. Gaur etapa laua izanen du tropelak, larunbatean eta igandean, berriz, mendiko etapak jokatuko dira.

Castrillo del Val eta Aguilar de Campoo arteko etapan aurreikusi bezala ihesaldia izan zen. Juan Felipe Osorio Burgos BHko kolonbiarrak eta Aritz Bagües Caja Rural-eko errenteriarrak hanka egin zuten tropeletik. Baina esprinten taldeek ihesaldia uneoro kontrolpean izan zuten eta helmugarako 22 km-ren faltan harrapatu zituzten. Esprintean Sam Bennett izan zen azkarrena. Baina epaileek kaleratu egin zuten, esprinterako lekua hartzen ari zela burukada bat eman zuelako. Beraz, bigarren izan zen Pascal Ackermannek irabazi zuen etapa. 

Bestela, sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan eta Richard Carapazek segitzen du lider. Atzo Imanol Erbiti 28. postuan helmugaratu zen eta Gorka Izagirre 41., biak irabazlearen denbora berean. Sailkapen nagusian Izagirre 16. da 7 minutura eta Erbiti 60., ordu bat bi minutu eta 56 segundora. 

Asteburuko plana
Tropela gaurkoa Castro Urdiales eta Suances artean ibiliko da. 185 km-ko etapa laua da. Hala ere, helmugatik 60 km-ra txirrindulariek 3. mailako gaina pasa beharko dute. Eguneko ihesaldia sortuz gero, txirrindulari azkarrak dituzten taldeek hura harrapatzeko eta etapa sprintean bukatzeko lan eginen dute. Suancesko bukaera, hala ere, ez da edozeinendako aproposa: helmuga 2 km eskaseko %5eko aldapa gora baten akaberan baitago. 

Bihar 11. etapa jokatuko da Villaviciosa eta Farraponako gainaren artean. 170 km-ko mendiko etapa  da. Hasi eta 9. km-an 3.mailako portua pasa beharko dute txirrindulariek. Ondoren 1. mailako beste lau portu heldu dira: Colladona (56. km-an), Lena (95,2. km-an), San Lorenzo (136. km-an) eta Farrapona, helmuga. Portu horren azken lau km-ak dira gogorrenak %9,5 eta 12 arteko aldapak. Akaberan %8koa da.

Etzi, berriz, La Pola Llaviana eta l'Angliruko gaina arteko 109,4 km-ko mendiko etapa izanen du tropelak, hamabigarrena. 3. mailako bi portu pasa ondoren, lehen mailako beste bi izanen dituzte eta  azkena, l'Angliruk, bere maila bereziko izendapenarekin itzuliko epaile zorrotzarena egiteko gaitasuna izan dezake.