Espainiako Vueltari ezin zaio emozioa ukatu, inondik inora. Atzo Angliru mendate gogorraren gainean despeditu zen etapak lider aldaketa ekarri zuen, Carapazek berreskuratu baitzuen maillot gorria, baina ekuatoriarrak 10 segundora du Roglic, eta aurtengo Vuelta ez dago, inola ere ez, erabakita eta Roglic-ek faborito nagusi izaten jarraitzen du.
Angliru mendikate oso gogorra da, superbibentzia mendatea. Erasotzea ia ezinekoa da, bakoitzak nahikoa baitu hanka lurrera bota ez tea bizikleta gainean mantentzearekin. Horrela, sailkapen nagusiko lehen sei-zazpi txirrindulariak kalbario latza pasatzen ikusi izan genituen atzo, azken zazpi kilometroetan. Roglic-ek krisialditxoa jasan du, baina Sepp Kuss taldekideak lagunduta eguna libratu zuen. Hugh Carthy (Education First) ingelesak irabazi zuen etapa, Aleksandr Vlasovi (Astana), Enric Masi (Movistar Team) eta Richard Carapazi (Ineos) 16 segundo aterata. Primoz Roglic 5. sartu zen, 26 segundora.
Sakandarrak ongi
Angliru eta gero, Richard Carapaz da lider berria, 10 segundora Primoz Roglic duela. Angliruko irabazlea, Hugh Carthy, hirugarrena da, 32 segundora; Oscar Guerrerok zuzentzen duen Daniel Martin laugarren postuan dago, 35 segundora, eta Jose Luis Arrietak zuzentzen duen Enric Mas bosgarrena, 1:50era. Sakandarrei dagokienez, biek talde lan bikaina egin dute egunotan; Gorka Izagirre (Astana) 17. postuan dago, 15:14ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 55. postuan, 1:37:30ra.
Jose Luis Arrietak gidatutako Movistar Team taldeak jarraitzen du talderik onena izaten.
Bihar, tarteak zabalduko dituen erlojupekoa
Gaur merezitako atsedena hartuko du tropelak, biharko 33 kilometroko erlojupeko erabakigarriaren bezperatan. Hasierako 31 kilometroak lauak dira, itsasbazterrean jokatuko direnak, eta bukaeran Ezaroko behatokiko gainean despedituko da. Tourrean gertatu bezala, txirrindulariek erlojupekoko bizikletak errepidetakoengatik aldatuko dituztela espero da azken txanpako igoera horri ekiteko. Roglicen oso aldekoa da erlojupekoa, eta etapak lider aldaketa ekarri dezake, Roglicek Carapazekiko duen 10 segundoko aldeari buelta emango diola aurreikusten baita. Carapaz baino, Roglicek Carthy izango du arerio gogorragoa erlojupekoan. Hori da espero dena, ezustekoa gertatzen ez bada, behintzat. Ez dirudi Dan Martin podiumeko jokoan sar daitekeenik, erlojupekoan baldar samarra delako, eta Movistar taldeko Enric Mas ere ez, 1.50era dagoelako, dagoeneko.
Erlojupekoaren ondoren Galiziako etapa bihurriak etorriko dira, Salamancako mendiak ostiral eta larunbatean eta Madrilgo paseoa, igandean. Esan daiteke Roglicena dela Vuelta, %90ean, baina, nork daki?