Iñaki Bilbao presoari babesa

Guaixe 2020ko aza. 3a, 11:41
Iñaki Bilbao Goikoetxea, Txikito.

Egarri eta gose greba mugagabea hasi zuen atzo. Ostiralean 50 eguneko gose eta komunikazio greba  bukatu zuen.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) deituta kontzentrazioa egin zen Etxarri Aranazko plazan atzo. Haren bidez Iñaki Bilbao Goikoetxea, Txikito, presoari babesa azaldu zioten. Puerto de Santa Mariako kartzelan preso dagoen Txikitok gose eta egarri greba mugagabeari ekin zion atzo. Irailaren hasieratik ostiralera arte, 50 egunez, gose komunikazio greba egin zituen. Oraingoan presoak gertukoei jakinarazi zien komunikazioa ahal duen heinean mantenduko duela. Eta azpimarratu zienez, “nirekiko elkartasuna baino, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko eman behar diren pausoak dira garrantzitsuenak”.

AEMtik azaldu dutenez, “hasi dituen mugagabeko gose eta egarri grebak zalantza guztiak argitzen ditu. Ezingo dituzte ezkutatu zeintzuk diren Txikitoren helburu politikoak (Euskal Herri batua, euskalduna, independentea eta sozialista”. Mugimenduko kideek gaineratu dutenez, “Txikitorekiko elkartasuna adierazteaz aparte, bere helburu politikoekin bat egiten duela berresten dugu”. AEMk jakinarazi duenez, egunero eginen dira kontzentrazioak: Etxarri Aranazko plazan 19:15ean eta Altsasuko udaletxe parean 20:00etan.