Koronabirusa Sakanan

Nafarroako Gobernuak pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak 18ra arte luzatu ditu

Guaixe 2020ko azaroaren 3a

Javier Remirez eta Santos Indurain kontseilariak prentsaurrekoan azalpenak ematen.

Indarrean segitzen duten neurriak dira: Nafarroatik kanpo ezin ateratzea; gehienez ere 6 pertsona elkartu daitezke eta etxean soilik etxekoak besterik ez eta, 23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua.

Nafarroako Gobernuak lastailaren 21ean hartutako neurrien luzapena iragarri du. Foru administrazioak azaroaren 18ra bitarte (egun hori barne) luzatuko ditu COVID-19ari aurre egiteko aurretik hartutako neurriak. Beraz, alde batetik, nafarren mugimenduak lurraldearen perimetroan mugatuta daude. Arau horren salbuespenak dira: egoitzatik itzultzea, ezinbesteko kasuetan, mendekoak zaintzea, osasun-zentroetara joatea edo irakaskuntza arautua ematea. Bestetik, ostalaritzako establezimenduak itxita segituko dute. Eta, azkenik, bilera publiko eta pribatuetako pertsonak gehienez 6 izatea eta etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara indarrean segituko du.

Garraio-jardueren, ostalaritza- eta sukaldaritza-establezimenduen, ehorzketa eta beilatokien, kirol-lehiaketen, jolas-igerilekuen, negozio-kongresu eta -bileren eta gainerako jardueren murrizketari eragiten zioten gainerako neurriak Osasun kontseilariak emandako foru-agindu baten bidez berretsi dira. Agindu horretan bi aldaketa egin dira. Batetik, etxera eramateko jatekoak prestatzen dituzten ostalaritza establezimenduek lehen 21:00etan itxi behar zuten, baina luzapenean jaso denez, 22:30era arte egon daitezke jatekoak banatzen. Bestetik, saltoki handien kasuan (hipermerkatuak eta beste) establezimenduak behartuta daude gehieneko edukiera kontrolatzera, %40an mantentzen baita.