Pilota

Buruz Burukoa: Bakaikoak Jaka izanen du aurkari igandean Eibarren eta Ezkurdia final laurdenetan sartuko da lehian

Guaixe 2020ko aza. 4a, 11:25

Atzo aurkeztu zen, Bilbon, aurtengo Buruz Burukoa. Pandemiagatik hartutako neurriengatik ez da Nafarroan jokatuko, txapelketa motzagoa izanen da, pilotari gutxiagorekin, botilleroak bueltatuko dira eta pasaren marra sei eta erdira aurreratu dute

EPEL-ek (Esku Pilota Enpresen Liga) atzo aurkeztu zuen, Bilboko Arte Ederren museoan, 2020ko Buruz Buruko Txapelketa. Baikoko pilotarien grebaren eta EPEL-ek eta pilotariek adostutako akordioaren ondotik jokatzen den lehen txapelketa izanen da hau, txapelketa ezohikoa, COVID-19 birusak sortutako pandemiak guztiz baldintzatuta. Hain zuzen ere, osasun neurriengatik txapelketa ez da Nafarroan jokatuko. Soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatuko da, gehienez 400 ikuslerekin, bertan neurri murriztaile gehiago hartzen ez badira behintzat. Eta osasun egoerak baldintzatuta, ohikoa baino laburragoa izango da txapelketa eta soilik 12 pilotari ariko dira, 6 enpresa bakoitzeko. 

12 pilotari, Bakaikoa eta Ezkurdia tartean
Buruz Burukoa asteburuan hasiko da. Final-zortzirenak egongo dira jokoan. Iraitz Zubizarreta eta Dario Gomez ostiralean lehiatuko dira Ataunen (19:30, ETB1); larunbatean Oinatz Bengoetxea eta Asier Agirre ariko dira Amurrion (17:30, ETB1); eta igandean saio bikoitza hartuko du Eibarko Astelenak (17:00, ETB1): Jokin Altuna Jon Ander Peñaren kontra ariko da eta Joanes Bakaikoa etxarriarrak Erik Jaka izanen du aurkari. Aurreko urtean ere Bakaikoa Jakaren kontra aritu zen Buruz Burukoan, Etxarri Aranatzen jokatutako partidan hain zuzen ere, eta orduan gipuzkoarra etxarriarraren gainetik pasa zen, 6 tantotan utzi zuen. Espero dezagun aurten partidak beste kolore bat izatea. 

Hurrengo asteburuan final-laurdenak daude jokoan eta orduan sartuko dira lehian zerrenda buruak: Iker Irribarria –Zubizarretaren edo Gomezen kontra–, Joseba Ezkurdia –Altuna III.aren edo Peña II.aren kontra–, Mikel Urrutikoetxea –Jakaren edo Bakaikoaren kontra– eta Danel Elezkano –Bengoetxea VI.aren edo Agirreren kontra–. Finalerdiak astebete beranduago jokatuko dira eta hurrengo asteburuan, hilaren 29an, jokatuko da final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Berrikuntza moduan, finalistetakoren bat lesionatuz gero, finalerdietan tanto gehien lortu zituen galtzaileak ordezkatuko luke. 

Botilleroak bueltan eta pasa aurreratuta
Horrekin batera, badira beste berrikuntza batzuk, eta botilleroen buelta da horietako bat. Bi urteren ondoren, botilleroen gomendioak eta euren babesa jasoko dute pilotariek, baina bakarrik enpresa ezberdineko pilotarien arteko partidetan izanen da hau, eta enpresetako teknikariak izan beharko dira. Eta beste berrikuntza bat izango da sakea errestatzeko orduan, pasaren marra zazpitik sei eta erdira aurreratu dutela. 

Hasteko gogoz
Azken asteetan pilotan bizitako tentsioak atzean utzi eta atzera ere pilotaz eta lehiaz aritu nahi dute pilotariek, eta hori nabaritu zen atzoko Bilboko aurkezpenean. Pilotariak Buruz Burukoan hasteko gogotsu daude. Irribarriak titulua defendatuko du, baina txapelketa “zaila” izango dela aitortu zuen, “badakigulako pilotarien artean zer nolako maila dagoen”.