Atzo Ezaroko gainean despeditu zen 33,7 km-ko erlojupekoak sailkapena irauliko zuela aurreikusten zen eta hala izan zen. Primoz Roglicek (Jumbo) ez zuen huts egin. Esloveniarrak irabazi zuen erlojupekoa (46:39), William Bartari (CCC) segundo eskas bat aterata, eta berak jantzi zuen, atzera ere, Vueltako maillot gorria. Baina esloveniarrak ez zion espero bezain tarte zabala atera atzo liderra zen Richard Carapazi (Ineos), txirrindulari ekuatoriarrak lan oso duina egin baitzuen. 49 segundo atera zizkion Roglicek, espero baino gutxiago, eta, horrela, sailkapen orokorrean 39 segundora dago Carapaz. Bestalde, lan bikaina egin zuen ere Hugh Carthyk (Education First). Roglicek soilik 25 segundo atera zizkion. Horrela, sailkapen orokorrean hirugarren jarraitzen du Carthyk 47 segundora.
Finean, Erlojupeko hunkigarria izan zen, unean uneko tarteko erreferentziek zer pentsatua eman zutelako. Lehen zatian, zati lauan, Carthy espero baino askoz hobe aritu zen, Roglicen antzeko denboratan, eta Carapaz ere ez zen ibili oso urrun, baina bigarren zatian, portuan, panorama asko aldatu zen, Roglicen onerako batez ere, hor estutu baitzuen esloveniarrak. Hala ere, esandakoa, Roglicek ez zuen Vuelta itxi.
Izagirre euskaldun onena
Sakandarrei dagokienez, Gorka Izagirrek (Astana) egin zuen erlojupekoan lan txukunena euskaldunen artean. 38. sailkatu zen, 3:07ra. Sailkapen orokorrean 19. postuan dago Ziordian bizi den ormaiztegiarra, 18:11ra. Bestalde, Imanol Erbiti (Movistar Team) 55. postuan dago, 1:41:50ra. Taldeka, Jose Luis Arrietak zuzentzen duen Movistar Team taldeak jarraitzen du lider.
Gauzak horrela, 4 etapen faltan oraindik ez da Vuelta erabaki. Galiziako etapa gorabeheratsuak jokatuko dira hurrengo bi egunotan, eta Salamancako bi etapak segidan, larunbatean Covatilla gainean despedituko den etapa menditsu eta erabakigarria tartean. Zalantzarik gabe, Covatillako gainak erabakiko du emozioz betetako aurtengo Vueltako txapelduna nor den. Roglicek oso ongi zaindu beharko ditu Carapaz eta Carthy, kate txikiarekin lotu beharko ditu, azken orduko beste sorpresarik nahi ez badu behintzat. Litekeena da Ineos, Movistar Team edota Education First urruneko erasoekin saiatzea, baina Jumbok liderra babesteko dena emango du.
Gaurkoa, erdi mailako etapa menditsua
Gaur Lugon hasi eta Ourensen despedituko den etapa gorabeheratsua dago jokoan, 204 kilometrokoa, erdi mailako etapa menditsua, Galiziako terreno zailean. Bukaera aldera 3. mailako portua gainditu beharko dute txirrindulariek, baina ez da aurreikusten faboritoen artean min handia egingo duenik. Ihesaldietarako aproposa den etapa da.