Sarek 'Ibiltarien doinua' aurkeztu du

Guaixe 2020ko aza. 4a, 13:57

Izan Bidea dinamikaren baitan hainbat abeslari ezagunekin osatu du abestia, tartean da Maider Ansa Tximeleta taldeko kidea. 

Sarek Izan Bidea dinamikaren soinu banda aurkeztu du gaur, “preso eta iheslarien etxeratzearen alde indarrak batu eta herritarrak bidearen parte egiten laguntzeko”. Ion de Luis Iruñeko musikari eta ekoizleak egindako kantuari Amets Arzallusek jarri dio hitza eta hamar abeslari ezagunek, haien ahotsa: Alex Sardui (Gatibu), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Maider Ansa (Tximeleta), Ines Osinaga (Gose), Idoia Tapia (Skabidean), Lorena Aisa (Skabidean), Claudia Rodriguez (Skabidean), Xabi Solano (Esne Beltza), Brigi Duque (Koma) eta Juantxo Arakama (Glaukoma).

Aurkezpenean azaldu dutenez, “letrari dagokionez esan dezakegu kontzeptu bezala ‘bidea’ hitzak hartu duela indarra, azken batean gure dinamikaren oinarrian bidearen parte izatera gonbidatzen dugulako eta ‘bidea’ kontzeptu gisa dugulako gure leloan. Oinazpiko bidea bezain bat eskubidetik ere badu bideak eta hortaz, eskubideen aldarrikapena. Gure kasuan bidea, eskubideak urratzen dituen aginpidea bezala, askabidea ere izan daiteke. Presoen gaiari loturik horri heltzen zaio. Bidea hitzak ematen digu kantu honen letrarako adar guztiak”. Letra “musika doinu biziarekin, dantzagarriarekin” uztartu dute, “errepika indartsu eta sarkor batekin”. 

Hurrengo mobilizazioa 
Azaroaren 20-21-22ko asteburuan Sarek “bidea gara, bidean gaude” lelopean herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatu ditu Izan Bidea dinamika plazaratu eta ahalik eta herritar gehien dinamikara batu asmoz. Sarekideek aurreratu dutenez, “ekimenak ugariak eta mota askotakoak izanen dira. Guztiak norabide berean; herritarren aktibazioa piztu preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko pausoak emateko”. Sarek dei egin die “elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera”.