Atzo Lugo eta Ourense arteko etapa gorabeheratsua jokatu zen. Tim Wellens (Lotto) eguneko ihesaldian sartu zen beste 6 txirrindularirekin. Gorabeherak izan ziren, baina helmugarako 6 kilometroren faltan, Tim Wellens, Marc Soler (Movistar Team), Szdenek Stybar (Deceuninck), Michael Woods (Education First) Dylan Van Baarle (Ineos) eta Thymen Arensman (Sunweb) zeuden aurretik. Orduan ekin zion Wellensek etapa irabazteko bere planari.
Woodsek hartu zuen aginte makila, kontrol lana, faboritoa zelakoan, baina Wellensek pazientzia eta eskarmentu handia erakutsi zituen, eta une erabakigarrian hartu zion aurrea kanadarrari, helmugatik 400 bat metrora. Woods bere parean jarri zen 150 metrora, eta bazirudien Wellens aurreratu egingo zuela. Baina hortzak ederki estututa, azken bihurgunera aurretik sartu eta Wellensek maisuki bereganatu zuen Vueltako bere bigarren garaipena, Sabiñanigokoaren ondotik.
Faboritoendako etapa nahiko lasaia izan zen atzokoa, tropeletik tira egiteko ardura Astanak, Borak eta Direct Energiek hartu zutelako. Egun perfektua, beraz, Primoz Roglic liderraren Jumbo taldearendako, apenas xahutu baitzuten indarrik. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik. Roglicek jarraitzen du lider, 39 segundora Richard Carapaz (Ineos), 47 segundora Hugh Carthy (Education First), 1:42ra Daniel Martin (Israel Start-Up) eta 3:23ra Enric Mas (Movistar Team) dituela. Sakandarrei dagokienez, Gorka Izagirre (Astana) 19. postuan dago, 19:23ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 55. postuan, 1:43:02era.
Gaur Galiziatik Zamorara
Gaur Galizian hasi eta Zamoran despedituko da Vueltako 15. etapa, Mos eta Puebla de Sanabria artekoa, 230 kilometrokoa. Vueltako etaparik luzeena da, mendiari dagokionez erdi mailakoa –bost mendate puntuagarri, azken kilometro bihurriaz gain– eta ihesaldietarako aproposa. Ibilbide bihurgunetsua da, eta ihesaldiak sortuz gero, tropelari zaila egingo zaio haiek kontrolatzea. Hortaz, adi egon beharko dute faboritoek eta haien taldeek, etapa nekoso baten aurrean daudelako.