Errigora, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintza indartzeko

Guaixe 2020ko aza. 10a, 10:04

Errigorako kutxak betetzeko auzolanean parte hartu zutenen talde argazkia.

Ostegunera arte eska daitezke Nafarroako hegoaldeko produktuz osatutako saskiak. Bakoitzaren prezioaren %25 Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetako euskalgintzara bideratuko da. Pandemiak hainbat erakundetan izan duen eragina murrizteko aurten saskiak 5 euro garestiago izanen dira eta trukean opari bat jasoko du erosleak. 

Nafarroan euskara ofiziala ez den eskualdean eragin nahi du Errigorak. Horretarako, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea ematen die. 2013tik udazkenero Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez egiten du hori. Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditu Errigorak kanpaina horren bidez. Kasu horretan, auzolanari esker, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten dio, izan ere, saski bakoitzaren balioaren % 25 hari zuzenduta baita. Gaur egun Errigorak hiru saski mota eskaintzen ditu, ohiko tokietan edo www.errigora.eus webgunearen bidez eska daitezkeenak.

Osasun egoera dela-eta, Errigoratik adierazi dutenez, “aurten elkartasuna biderkatu nahi dugu. Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izanen datorren udaberrian. Egoera horren aurrean ardura hartu nahi izan dugu eta, beraz, saski bakoitzeko 5 euroko ekarpen gehigarria eskatuko dizugu”. Errigorako kideek esan dutenez, “euskara plazan nahi baduzu kanpaina honetan parte hartzeko gonbita egiten dizugu”. 

Horregatik, saski beltza 55 eurotan salduko da eta erosleak, saskiaz aparte, Korrikaren katilua jasoko du. “Horrela AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru-galera arintzen laguntzeko”. Saski berdeagatik 65 euro ordainduko dira saskiarekin batera Seaskaren egutegia jasoko du erosleak. “Seaskari diru hori zuzenean bideratuko zaio, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko”. Azkenik, saski txuriaren truke 75 euro ordaindu beharko dira eta harekin batera D ereduaren haziak jasoko ditu erosleak; “Sortzeni diru hori zuzenean emanen zaio, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko”.

“Egiten duguna gara”
Herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitza da Errigora. Elkarlanean, auzolanean, euskara eta elikadura burujabetzaren alde ari dira. Errigorakoek beraien leloa 19. Korrikaren mezuan Lorea Agirrek idatzitakotik hartu dute: “auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara”.

Adierazi dutenez, “Errigoraren oinarrian dago ekiteko asmo hori. Abiapuntutik, gure ekintzen jabe egiteko bide bat eskaini nahi izan dugu. Auzi guztietan, hala euskararenean nola elikadura-burujabetzarenean, komunitatearen osaketan edo herrigintzaren jardunean, izan beharko lukeena egiten saiatu gara”. Eta gaineratu dute: “Nafarroa hegoalde eta erdialdearendako txanda eskatu beharrean, periferia erdigunean jarri dugu. Euskararendako nahi genukeena eskatzetik harago, nahi duguna ekartzeko saiakera egin dugu. Elikadura-burujabetzarako bide definitiboa marraztu ordez, geure bidezidorrak zabaldu ditugu. Arduraren aurrean eskuak garbitu beharrean, auzolanean zikindu ditugu”.


Saskien banaketa guneak
Irurtzun 
Iratxo elkartea

Etxarri Aranatz 
Andra Mari ikastola 
Udaletxeko estalopea

Altsasu 
Iñigo Aritza ikastola 
Itsasi AEK euskaltegia


1.200.000 
Errigorak diru hori bideratu ditu Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastoletara, Erriberako AEK-ra eta hezkuntza publikoan D ereduko lerro berriak zabaltzeko Sortzen elkarteak abiatutako proiektuetara. Gainera, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko “euskaltzaleen indarrak metatzeko, ilusio berriak pizteko eta orain arte egin den lanari bultzada emateko” Agerraldia sustatu dute, kanpainako diru zati bat jasoko duena.