Elurretarako prest

Guaixe 2020ko aza. 12a, 11:46
Elurra kentzeko kamioia lanera. Artxiboa.

Neguko kanpainako errepideen kontserbazioa zainduko duen dispositiboa prest dago. Errepideak kontserbatzeko Irurtzungo bi guneetan 37 langile eta elurra kentzeko 28 makina ariko dira lanean.

Nafarroako Gobernuak azaroaren 1ean aktibatu zuen neguan errepideak zaintzeko bidezaintza plana, apirilaren 30era arte martxan egongo dena. Elurra, izotza, euria eta neguan sortzen diren bestelako arazoei aurre egiteko 350 pertsona egongo dira lanean Nafarroan, eta 200 ibilgailu baino gehiago izango dituzte eskura. Irurtzungo errepideak kontserbatzeko bi guneetan 37 langile ariko dira lanean, eta elurra kentzeko 28 makina izanen dituzte erabilgarri. 

Nafarroako Gobernuko Lurraldeko Kohesio kontseilari Bernardo Ciriza autobideen Irurtzungo kontserbazio gunean izan zen ostiralean, neguko kanpainako dispositiboa ikuskatzen. Nafarroak 3.821 kilometroko errepide sarea du, autobideak eta autopistak barne, eta guztia kudeatzeko Irurtzungoa bezalako 8 gune dauzka guztira. Baliabideei dagokienez, 350 pertsona egongo dira lanean Nafarroa osoan, eta 200 ibilgailu baino gehiago izanen dituzte erabilgarri: elurra kentzeko 129 makina, 6 turbofresatzaile makina eta zaintza lana egiteko 90 ibilgailu inguru. Horiei 111 herri edo kontzejuei utzitako elurra kentzeko 90 kuña gaineratu behar zaizkie. 

Bestalde, aipatzekoa da, Herri Lanetarako Departamentuak 18.000 tona gatza banatu dituela Nafarroan barna dituen 20 biltegi eta 50 siloetan, tartean Sakanakoetan, izotzari eta elurrari aurre egiteko. Nafarroako errepide sareetako informazioa lortzeko 848 423 500 telefonora hots egin daiteke edo 011ra (Trafikoko Zuzendaritza Orokorra).