Iñaki Bilbao presoari babes adierazpenak

Guaixe 2020ko aza. 9a, 12:02
Iñaki Bilbao Goikoetxea, Txikito, presoari babesa azaltzeko kontzentrazioa Altsasun.

Lastailaren 30ean 50 eguneko gose eta komunikazio greba despeditu ondoren, egarri eta gose greba mugagabea hasi zuen azaroaren 2an. Etxarri Aranazko plazan 19:15ean eta Altsasuko udaletxe parean 20:00etan egunero kontzentrazioak deituta daude

Iñaki Bilbao Goikoetxea, Txikito, Puerto de Santa Mariako Puerto III kartzelan dago preso. Bilbaok gose eta egarri greba mugagabea hasi zuen astelehenean, ostiralean 50 eguneko gose eta komunikazio greba despeditu ondoren. Oraingoan senide eta gertuekiko komunikazioa ahal duen heinean mantenduko duela jakinarazi du Bilbaok. Presoak iragarri duenez, “Euskal Herria Independente, Sozialista, batua eta euskalduna” lortzea da haren aldarrikapena. Bilbaok aldarrikapen berarekin 2017ko maiatz-ekainean hilabetez egin zuen beste gose greba bat. Lezamako presoak 65 urte dauzka eta haietatik 36 kartzelan daramatza. 

Bilbaoren aurreko grebarekin Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) deituta Etxarri Aranatzen hainbat kontzentrazio egin ziren, baita elkartasun baraualdia ere. Presoari elkartasuna azaltzen segituko du AEMk, baita “bere helburu politikoekin bat egiten dugula berretsi” ere. Horregatik, egunero kontzentrazioak deituta daude Etxarri Aranatzen eta Altsasun.