Sakana Saria, ekimenei aitortza egiteko sortua

Guaixe 2020ko aza. 9a, 14:56
Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bilera Dinabiden. Artxiboa

Ibarrean gizarte, ingurumen edo ekonomia eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo bati emanen zaio. Sakanako Sozioekonomia Behatokiak sustatu du eta urtero banatzeko asmoa azaldu du.

Ibarreko hainbat eragileen arteko elkarrizketetan askotan agertu den gaia da Sakana marka eta eskualdea bera. Hartu-eman horietan eragileek “Sakana bizi, elkartu eta anitza zerumuga desiragarri bezala” ikusten dute. Eta sakandarrek partekatzen ditugun balio batzuk ere zerrendatu dituzte. Batetik, dinamismoa eta erresilientzia-gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Bestetik, aniztasuna aberastasun kolektibo gisa ikusten dela. Eta, azkenik, elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. “Horretarako funtsezko elementuak dira komunitatearen lana (auzolana) eta herri-ondasunak (komunala)”. 

Sakana Sariak antolatuz eta deituz, Sakanako Sozioekonomia Behatokiak aitortza egin nahi dio ibarrean gizarte, ingurumen edo ekonomia eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo bati, irabazi asmoa izan edo ez. Saria ematerakoan aipatutako hiru balioak izanen dituzte kontuan. Sariek, bestalde, Sakanan garatu diren ekimen ezagutaraztea eta berauei aitortza publikoa egitea litzateke sarien helburua.

Sorrerako baldintza
Eragileek gaineratu dutenez, “pandemiak garai zailak ekarri dizkigu, Sakanan gure gureak ditugun balio horiek inoiz baino beharrezkoago zaizkigu etorkizun partekatu bat berreraikitzeko”. Eta hain zuzen ere COVID-19ak sariketaren antolatzaileen asmoak aldarazi ditu. Izan ere, “Sakana Sariak ospakizun moduan eta herritarren parte-hartzearekin planteatzen genuen, baina egungo egoera ikusita, aurten, egoerari lotutako hastapen sari baten moduan egitea beste aukerarik ez dugu ikusten. Aitortza, Sakanarekin lotura duen sinbolo baten bidez gauzatuko da”.

Baina Behatokiaren asmoa litzateke sariketa erakunde-ekimena baino Sakana komunitatea osatzen dugunon aitortza bat izatea. Pandemiak baldintzatuta aurten sariketa modu batera garatuko bada ere, “sariaren izpiritu komunitarioa errespetatu asmoz, etorkizunean saritutako ekimenen hautaketa modu parte-hartzaileagoan egiteko konpromisoa hartu dugu” 

Prozesua 
Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kide diren eragileek hilaren 18ra arteko epea dute beraien proposamenak info@sakanagaratzen.com helbidera bidaltzeko. Mezuan ekimenaren izenaz aparte, honakoak ere bidali beharko dituzte: haren sustatzaileen izen-abizenak eta kontaktua, ekimenaren azalpena eta proposamenaren zergatia. Behatokiko kideen ordezkaritza batek osatutako epaimahaiak jasotako proposamenen artean bat aukeratuko du. Sari banaketa azaroaren 26an eginen da. 

Sakanako Sozioekonomia Behatokia
Honakoek osatzen dute: udaletako eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariek, alderdi politikoek, sindikatuek, enpresetako ordezkariek, hezkuntzako eragileek, gizarte zerbitzuek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta elkarte sozioekonomikoek. Bere egitekoa da Sakanako sozioekonomikoa garapenaren inguruko hausnarketak egitea, plan estrategikoaren ebaluazioa egitea, ekintza lerroen moldaketa edo berrien proposamena egitea eta instituzioei txostenak eta proposamenak eskaintzea.