Lakuntzako Euskaraldia batzordeak iganderako jarri du hitzordua. 11:30etik 13:30era egonen dira plazan. Lakuntzarrek euskararen erabilera handitzeko ariketan izena emateko aukera izanen dute igandean. Gainera, dagoeneko izena emanda dutenek beraien txapa jasotzeko aukera izanen dute. Jakina, Euskaraldiko batzordearen mahaira hurbiltzen direnak musukoa eraman beharko dute eta COVID-19 gaitza ez zabaltzeko pertsonen arteko distantzia mantendu beharko dute.
Etxarri Aranazko batzordeak larunbatean 12:30etik 13:30era jarriko du mahaia plazan. Eta igandean, 12:30etik 14:00etara. Gainera, azaroaren 15ean, igandean ere aukera izanen da Etxarrin izena eman edota txapa jasotzeko, 12:30etik 14:00etara. Data horietan izena eman ezin edota txapa jaso ezin dutenek azaroaren 17an eta 18an aukera izanen dute udaletxeko 2. solairutik pasa eta txapak jasotzeko, 11:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 19:30era.
Bakaikuko Euskaraldia batzordeak Xabier Artiedaren Txor-txor bakarrizketa umoretsuaren emanaldia antolatu du iganderako. 18:00etan izanen da, elizan. Bitartean Euskaraldian izena emateko aukera izanen dute bakaikuarrek ere.
Altsasuko Euskaraldia batzordeak jakinarazi duenez, hurrengo bi igandeetan Gure Etxea eraikineko beheko solairuan izanen dira 13:00etatik 14:30era. Izena eman edota txapak jaso nahi dutenek handik pasa beharko dira.
Olaztiarrak Euskaraldian parte hartzera animatzeko deialdia egin du bertako batzordeak. Belarriprest edo ahobizi izan nahi duenak Euskaraldiaren web orriaren bidez egin dezake. Baina batzordekideei izena emaneko aukera ere izanen da. Baita txapak jasotzeko ere. Gaur, 18:00etatik 19:00etara kultur etxe paretik pasa beharko dute interesa dutenek. Bestela, bihar, larunbata, 11:30etik 13:30era, Ogi Berri ondoan egonen dira Euskaraldikoak izenak jasotzen eta txapak banatzen.
Gainera, Sakanako batzorde guztiek etxeetan jartzeko Euskaraldiko banderolak salgai dituzte bost eurotan.