Hiru etapen faltan, oraindik ez da Vuelta guztiz erabaki. Gaur eta bihar Salamancan jokatuko diren bi etapek erabakiko dute igandeko Madrilgo paseoan nor izanen den garaile.
Atzo Galiziako Mosen hasi eta Zamorako Puebla de Sanabrian despeditu zen etapa. Etapa gogorra izan zen, tropela asko zigortu zuena. Ia 7 ordu egin zituen tropelak bizikleta gainean, euria eta hotza azken zatian, eta aurrez aurreko haize indartsua etapa osoan, indarrez justu samar doazen txirrindulariak are gehiago desgastatu zituena. Eguneko ihesaldiak –Luis Leon Sanchez, Alex Aranburu, Rui Costa, Cattaneo, Power, Wellens, Julien Simon– ia fruitua eman zuen, bost minutuko tartea hartu baitzuten, baina esprinterren taldeek gogor egin zuten lan tropelean ihesaldia bertan behera uzteko, eta helmugatik hiru kilometrora harrapatu zituzten ihes egindakoak.
Esprintean Morkov (Deceuninck), Bennetten bideratzailea, Ackerman (Bora), eta Jasper Philippsen (UAE) sartu ziren. Philippsen belgikarra nagusitu zen, eta ikustekoa izan zen Josean Fernandez Matxin Basauriko bere kirol zuzendariarekin elkarri eman dioten besarkada. Izan ere, itzuli handi batean etapa garaipen bat lortzea asko kostatzen da.
Sakandarrak ongi
Oilarren artean ez zen mugimendurik egon eta sailkapen orokorrak berdin jarraitzen du. Roglicek jarraitzen du lider, 39 segundora Richard Carapaz (Ineos), 47 segundora Hugh Carthy (Education First), 1:42ra Daniel Martin (Israel Start-Up) eta 3:23ra Enric Mas (Movistar Team) dituela.
Sakandarrei dagokienez, Gorka Izagirre (Astana) 19. postuan dago, 19:23ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 53. postura igo da, 1:43:02era. Euren liderrendako lan bikaina egiten jarraitzen dute egiten. Movistar Team da, momentuz, talderik onena, eta sailkapenaren gorenean egoteko lan itzela egiten jarraituko dute Jose Luis Arrietaren mutilek.
Gaur eta bihar
Gaur Salamanca eta Ciudad Rodrigo arteko etapa dago jokoan, erdi mailako etapa menditsua, erdian 1. mailako El Robledo gaina duena. Hortaz, faboritoek adi egon beharko dute edozein erasoren aurrean.
Larunbatean, emozioz betetako aurtengo Vueltako txapelduna nor den erabakiko du Sequerosen hasi eta maila berezia duen La Covatilla gainean despedituko den etapa erabakigarriak. Vueltako azken aurreko etapa menditsua da; 1. mailako Portillo de las Batuecas gainditu eta gero, 3. mailako hiru portu eta 2. mailako Alto de la Garganta igo beharko dituzte txirrindulariek, etapa bukaerako La Covatilla bereziari ekin baino lehen. Eta hemen espero ditu Primoz Roglic liderrak (Jumbo) sailkapenean gertu dituen Richard Carapaz (Ineos), Hugh Carty (Education First), Daniel Martin (Israel Start-Up) Enric Mas (Movistar Team) eta gainontzeko oilarren erasoak. Roglicek oso ongi zaindu beharko ditu Carapaz eta Carthy, kate txikiarekin lotu beharko ditu, Tourrean bezalako azken orduko beste sorpresarik nahi ez badu behintzat. Litekeena da Ineos, Movistar Team edota Education First urruneko erasoekin saiatzea, baina Jumbok liderra babesteko dena emango du.