Power Biri buruzko doako ikastaroa

Guaixe 2020ko aza. 6a, 11:52
Ikasleak trebakuntza ikastaroan. Artxiboa.

Asteazkenean, 10:00etatik 13:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean. 

Informatikako programa bat da Power Bi, negozio inteligentzia arloan erabiltzen dena. Altsasun antolatutako ikastaroan programa horren aukerak ezagutzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek. Ikastaroa zuzenduta dago Excelekin lan egin ohi duten eta prozesatzeko informazio nahikoa duten pertsonak. Gainera, ikastaroan interesa izan dezakete taula dinamikoak eta grafiko dinamikoak egiten dituztenak, datuak azkarrago ustiatzeko aukerak zabaldu behar dituztenak, erabakiak hartzeko.

Hiru ordutan ikasleek negozio inteligentzia zer den jakinen dute. Horretaz aparte, Power Bi programaren hainbat tresnarekin analisiak egiten ikasiko dute. Baita datuak ateratzen, haiek modelatzen, ikuskatzen edota datu mapak ikuskatzen ere. Programarekin ere hainbat adibide landuko dituzte. Horrekin guztiarekin lotu nahi da ikasleek negozio inteligentzia kontzeptua ezagutzea, programa ezagutzea, bere tresna erabilgarriak aztertzea eta bere prozesuak aztertzea. 

Ikastaroa Club de Marketing Navarra antolatu du Cederna-Garalurren eta Altsasuko Udalaren laguntzaz. Nafarroako Gobernuak finantzatu du eta doakoa da. Batez ere Nafarroako enpresetako langileei eta Nafarroako edozein enplegu-bulegotan eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeei zuzenduta dago. Club de Marketing-en webgunean eman behar da izena.