Pilota

Joanes Bakaikoak aukera baliatu eta arantza atera nahi du

Guaixe 2020ko aza. 6a, 14:45

Buruz Buruko final zortzirenetan Etxarri Aranazko aurrelariak Erik Jaka izango du aurkari igandean Eibarren (17:00, ETB1). Joan den urteko Buruz Burukoan gipuzkoarra bere gainetik pasa zen, eta aurten etxarriarrak errebantxa borobildu nahi du

Asteburu honetan Buruz Buruko final zortzirenak egongo dira jokoan, eta tartean, igandean Joanes Bakaikoak Erik Jaka izanen du aurkari Eibarko Astelenan (17:00, ETB1). Zozketak atzera ere bi pilotariak parean jarri ditu, joan den urtean ere elkarrekin aritu baitziren. Oroitzapenak ez dira onak Joanes Bakaikoarendako, jaioterrian, Etxarri Aranatzen jokatutako partidan Erik Jaka bere gainetik pasa baitzen. Lizartzarrak 6 tantotan utzi zuen etxarriarra. Baina ordutik denbora asko pasa da eta egoerari buelta eman nahi lioke Bakaikoak.

Jakak dio Bakaikoak ez duela “inoiz etsitzen”
Erik Jaka da faboritoa, baina osasun arazoak izan eta gero frontoietara aurreko astean itzuli zen gipuzkoarra, eta oraindik ez omen dago %100ean. Aurkezpenean txapelketara zalantzekin iritsi dela aitortu zuen Jakak. “Garaiz osatuko ote nintzen, zalantzak izan ditut. Aurreko astean itzuli nintzen kantxetara eta nahiko ondo sentitu nintzen; hobetzen ari naiz eta beharko dut, Joanes oso arerio gogorra baita, inoiz etsitzen ez duena. Gauzak oso ongi egin beharko ditut bera irabazteko” azaldu zuen. 

Bakaikoak, bere aldetik, txapelketan aurrera egiteko dena emango du. Buruz Burukorako “oso gogotsu” dagoela aitortu du, eta urriaren 2an Etxarri Aranatzen jokatu zuen atarikoan Arteaga II.ari 22 eta 14 irabaztetik dator, konfiantza alde. Beraz partida gogorra aurreikusten da igandean Astelenan. 

Ezkurdia datorren astean sartuko da lehian
Asteburu honetan final zortzirenak jokatuko dira eta datorrenean final laurdenak. Orduan sartuko dira lehian zerrendaburuak: Iker Irribarria –Darioren kontra–, Joseba Ezkurdia –Altuna III.aren edo Peña II.aren kontra–, Mikel Urrutikoetxea –Jakaren edo Bakaikoaren kontra– eta Danel Elezkano –Agirreren kontra–.