Pilota

Hain gertu....

Guaixe 2020ko aza. 9a, 10:24

Joanes Bakaikoa Buruz Burukotik kanpo geratu da Erik Jakaren kontra 20 eta 22 galdu eta gero. Etxarriarra 1 eta 9 aurreratuta egon zen, baina Jakak erremontatzea lortu zuen

Buruz Buruko Pilota Txapelketako final zortzirenetako kanporaketak jokatu dira asteburuan. Osasun pandemiagatik hartutako neurriak gogortu eta gero, publikorik gabe jokatu ziren partidak. Joanes Bakaikoak Erik Jaka izan zuen aurkari atzo Eibarko Astelenan jokatutako partidan, eta aurreko urteko arantza atera nahi izan zuen etxarriarrak, iaz 6 tantotan utzi baitzuen Jakak. Ia lortzear egon zen, baina Erik Jakak partidari buelta erremontatzea eta irabaztea lortu zuen. 

Joanes Bakaikoaren eta Erik Jakaren arteko partida arraroa izan zen, goitibeheraz betetakoa. Osasun arazoak gainditzetik zetorren Lizartzako pilotaria, eta nabaritu zitzaion, errekuperatzea asko kosta egiten baitzitzaion. Aldiz, ongi hasi zen etxarriarra. 1 eta 9 eta 6 eta 14 aurreratu zen Joanes, Erik Jaka partidan sartu ezinean baitzegoen. Baina partida hankaz gora jarri zitzaionean erantzun zuen gipuzkoarrak. Jakak sufritzen jakin zuen eta, gutxika, kantxan eroso sentitzen hasi zen. Gantxoekin min handia egin zion Bakaikoari eta eta partida irauli zuen Jakak: 14ra berdindu eta aurrea hartu zuen, 21 eta 15eko errenta hartu arte. Partida gogortzen hasi zen eta tantoak bukatzeko nahikoa lan izan zituen Jakak; baita Joanesek ere. Hala ere, etxarriarrak ez zuen partida galdutzat eman eta 21 eta 20 gerturatzea lortu zuen. Buruz Burukoan aurrera egitea zuten jokoan bi pilotariek, eta azken tanto horiek gogorrak izan ziren. Tamalez, Bakaikoaren jaurtiketa bat kanpora joan zen eta 22 eta 20 galduta, Buruz Burukotik kanpo geratu zen etxarriarra. 

Ezkurdia vs Altuna, final laurdenetan
Buruz Buruko final zortzirenetan Erik Jakak, Altuna III.ak, Agirrek eta Dariok egin dute aurrera. Buruz Buruko final laurdenetan zerrenda buruak dituzte zain. Joseba Ezkurdiak Altuna III.a izango du arerio, Erik Jakak Urrutikoetxea, Irribarriak Dario eta Elezkanok Agirre.