Espainiako Vuelta 2020

Erbitiren eta Arrietaren Movistar Team talderik onena Roglicek irabazitako Espainiako Vueltan

Guaixe 2020ko aza. 9a, 11:35

Gorka Izagirrek (Astana) eta Imanol Erbitik (Movistar Team) lan bikaina egin dute Vueltan eta orain merezitako atsedena hartuko dute, 2021 denboraldia ate joka baitago. Talde berean jarraituko dute bi sakandarrek

Atzo despeditu zen, Madrilen, pandemiak goitik behera baldintzatu duen 2020ko Espainiako Vuelta.  Primoz Roglic (Jumbo) edo Richard Carapaz (Ineos), nor gailenduko, azken ordura arte tentsioa eta emozioa izan ditu Vueltak, baina Frantziako Tourreko arantza ateratzea lortu du eslovaniarrak eta Vueltak ez dio azken unean ihes egin. Larunbateko La Covatilla gainean lidergoari eustea lortu zuen Roglicek eta bera izan da Vueltako txapeldun handia, merezimendu osoz, Arraten, Moncalvillon, Suancesen eta Ezaron garaile izan eta gero. 24 segundo atera dizkio Richard Carapazi eta 1:15 Hug Carthyri (Education First). Erregulartasunaren saria ere irabazi du Roglicek. Mendiko txapelketa Guillaume Martinendako izan da (Cofidis) eta txirrindulari gazte onenaren saria, berriz, Enric Masendako (Movistar Team). 

Sakandarren maila bikaina
Vueltan aritu diren bi txirrindulari sakandarrek sekulako lana egin dute. Gorka Izagirre (Astana) 29. postuan bukatu du Vuelta, 14:47ra, eta Imanol Erbitik (Movistar Team) 47. postuan, 1:57:22era. Euren liderren alde talde lan bikaina egin dute, eta maila oso handia eman dute biek. Beraz, urrezko ezkutariak eta talde gizonak izaten jarraitzen dute Gorka Izagirrek eta Imanol Erbitik, eta orain merezitako atsedena hartuko dute, 2021 denboraldia berehala hasiko baita, ilbeltzean, Australian. Bi sakandarrek Astanan eta Movistar Team taldetan jarraituko dute.

Erbitiren eta Arrietaren Movistar Team, talderik onena
Imanol Erbitik talde onenaren saria lortu du bere Movistar Team taldeko txirrindulariekin batera, Jose Luis Arrieta uharte arakildarraren esanetara. Movistar Team taldeko Eusebio Unzue managerra oso pozik zegoen bere taldea Vueltako onena izan delako, eta hitz ederrak izan zituen 36 urte dituen Imanol Erbitirendako. “Imanol Erbitik sekulako maila eman du Tourraren bigarren erdialdean eta Vueltan, duela urte asko eman ez duen maila” nabarmendu du Unzuek. 

Egindakoarekin pozik dago talde nafarra: Enric Mas 5. sailkatu da sailkapen orokorrean eta Vueltako txirrindulari gazte onena izan da; Alejandro Valverde 10. postuan sailkatu da sailkapen orokorrean eta Sakanatik pasa, Aralarko San Migel gainditu eta Lekunberrin despeditu zen etapa Marc Solerrek irabazi zuen. Guztia borobiltzeko, Movistar Team Vueltako eta Tourreko talderik onena izan da.