Harri jasotzea

Jon Irañetak txapelari eutsi dio

Guaixe 2020ko aza. 9a, 12:45

Egiarretako harri jasotzaileak larunbatean Irurtzunen jokatutako Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen 52 altxaldi eta 5.887,5 kilo jasota

Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa eta Nafarroako Gizonezkoen Txinga-Erute Txapelketa hartu zuen larunbatean. Pandemia dela eta, ateak itxita jokatu ziren bi txapelketak, eta zaletuen giroa asko bota zen faltan. 

Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan Jon Irañeta sakandarrak joan den urtean lortutako txapela defendatzen zuen. Egiarretako 23 urteko gazteak Josetxo Urrutia eta Alvaro Zugarrondo zituen arerio, baina Urrutia ez zen plazara atera, bizkarrean mina zuelako. Hortaz, Jon Irañeta eta Alvaro Zugarrondo aritu ziren. 

Jon Irañetak aurreko astean aipatu zigun, joan den urteko denboraldiarekin alderatuta, aurten ez zirela pisu zenbakietan diferentzia handirik egongo, baina Egiarretakoa okertu egin zen. 2019 urteko Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan 47 altxalditan 5.337,5 kilo jaso zituen Irañetak, txapela lortuaz, eta larunbatean, Irurtzunen, 52 altxalditan 5.887,5 kilo jaso zituen. 125 kiloko zilindroari 20 altxaldi, 113 kiloko kubikoari 15 eta 100 kiloko bolari 17 egin zizkion, Sakanako Harri Jasotze Eskolako arduradun Mikel Lasarte laguntzaile zuela.

Aldiz, Alvaro Zugarrondok 4.537,5 kilo jaso zituen guztira, 40 altxalditan; zilindroari 16 altxaldi, kubikoari 11 eta bolari 13 egin eta gero. Bere zenbakiak ere hobetu egin zituen Zugarrondok.

Beraz, Jon Irañetak jarraituko du Nafarroako harri jasotze txapelduna izaten. 

Txingetan Daniel Saldias txapeldun
Nafarroako Gizonezkoen Txinga-Erute Txapelketari dagokionez, 6 txingalari aritu ziren Irurtzunen, 50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egiteko lanean. Daniel Saldias arraioztarra izan zen txapelduna, alde handiarekin, 17 plaza eta 2,85m osatu eta gero. Iosu Marturet antsoaindarrak 8 plaza eta 1,30 m osatu zituen eta Imanol Martin berriozartarrak 7 plaza eta 5,50 m. Atzetik Jesus Goñi lekarozdarra (6 plaza eta 2,45 m), Iker Goldarazena berriozartarra (5 plaza eta 3,40 m) eta Oskar Aguas berriozartarra (4 plaza eta 1,30 m) sailkatu ziren.