Pilota

Buruz Burukoa: Ezkurdiak eta Altunak igandean jokatuko dute, Astelenan

Guaixe 2020ko aza. 10a, 11:05

Material aukeraketa ostegunean egingo dute, 11:00etan

EPEL-ek (Esku Pilotako Enpresen Liga) Buruz Buruko final laurdenetako partidak non jokatuko diren azaldu zuen atzo. Ostiralean, Irungo Uranzu pilotalekuan, Iker Irribarriak Dario Gomez izango du aurkari (22:00); larunbatean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jaka lehiatuko dira (17:30); eta, igandean, partida bikoitza hartuko du Eibarko Astelena pilotalekuak (17:30). Lehenik eta behin Danel Elezkanoren eta Asier Agirreren arteko partida jokatuko da, eta, bigarrenik, Ezkurdiaren eta Altunaren artekoa. Ezkurdiak eta Altunak ostegunean, goizeko 11:00etan, egingo dute material aukeraketa. 

Partida guztiak ateak itxita jokatuko dira, publikorik gabe, COVID19 pandemiarengatik hartutako neurriak direla medio. ETB1 telebista kateak zuzenean eskainiko ditu.