ERA Eskola, gurasoak trebatzeko

Guaixe 2020ko aza. 11a, 09:25

Ikasleak eta gurasoak Iturmendiko eskola zaharrean. Artxiboa

Nafarroako euskara zerbitzuek, Sakanakoa barne, eta Euskarabideak familiei baliabideak eskaini eta hauek ahalduntzeko 'ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza' martxan jarri dute. Navarra Sumak egitasmoaren kontra egin du.

Nafarroako udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuak eta Euskarabideak elkarrekin garatutako egitasmoak adituekin hiru online saio aurreikusten ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira, eta haien bidez seme-alabei hizkuntzetan laguntzeko, haien autonomia eta motibazioa sustatu edo euskarazko sareko baliabide teknologikoak ezagutzera emateko. Euskarazko irakaskuntzara hurbiltzen diren familiei harrera eta laguntza eskaini eta horiek ahalduntzeko online guraso eskola ekimena martxan jarri dute Euskarabideak eta Nafarroako toki entitateek. Horretarako, euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko diren hiru zuzeneko emanaldi antolatu dituzte Iñaki Eizmendi, Nerea Mendizabal eta Julen Linazasoro adituekin.

Programa
Azaroaren 16an, seme-alabei euskararekin eta hizkuntzekin laguntzearen erronkaren inguruan arituko da Iñaki Eizmendi. Azaroaren 18an, Nerea Mendizabal adituak seme-alaben autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzeko baliabideak eskainiko dizkie familiei. Amaitzeko, azaroaren 25ean, euskarazko sareko baliabideak eta Google tresnen zein zibersegurtasunaren inguruan hizketatuko da Julen Linazasoro.

Saio guztiak 16:00etan euskaraz izanen dira eta 18:00etan, gaztelaniaz. Zuzenean, streaming, eskainiko dira Era Nafarroaren YouTube kanalean eta Whatsappez (682 084 390) edo YouTube kanalaren txataren bidez galderak zuzenean egiteko aukera egonen da. Saioak doakoak izanen dira eta ez da aldez aurreko izen ematerik behar. Ekimen honen antolatzaileen artean Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua dago.

“Interes nazionalistak” 
Navarra Sumak kritikatu egin du ERA Eskola egitasmoa. "Horrela, ikaskuntza euskaraz egiten ez duten herritar, familia eta ikasle gehienak baztertzen ari dira", salatu du UPN, Ciudadanos eta PPren koalizioak ohar batean. NA+k gaitzetsi dutenez, "saioak Gipuzkoako hiru profesionalek ematen dituzte, baina ez dago kontratazio publikoko espedienterik, lehia askeko erregimenean". Hori dela eta, "hautaketa- eta kontratazio-prozedura" eskatu diote Foru Gobernuari.

UPNk, PPk eta CSk osatutako koalizioaren ustez, "programa hezkuntza zerbitzu bat bada, onartezina da Hezkuntza Departamentuak ez parte hartzea eta euskara ez dakiten herritarren % 87 bertatik kanpo uztea". "Berez hezkuntza laguntza zerbitzu bat ez bada, ez du justifikaziorik euskara sustatzeko zerbitzu publiko batetik baliabide publikoak beste helburu batzuetara bideratzea", gaineratu du.

Navarra Sumaren ustez, "horrelako ekintzek agerian uzten dute Gobernuko sail batzuek eta osatzen duten alderdi batzuek euskara erabiltzen jarraitzen dutela beren interes nazionalistak gauzatzeko".