COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak herrialde barruko kirol-jarduerari buruzko ezohiko prebentzio-neurriak hartu zituen lastailaren 27an. Horiek orain ebazpen bidez azaroaren 20ra arte luzatu ditu. Ebazpen berriak bi aldaketa aurreikusten ditu.
Hala, modalitate kolektiboetako taldeetan integratutako kirolariek entrenamendu osoak egin ahal izanen dituzte, aire zabaleko instalazioetan egiten badira. Instalazio bakoitzeko gehienez 15 pertsonako taldeetan egin beharko dira, futboleko eta errugbiko modalitateetan izan ezik, horietan gehienez 25 pertsonak parte hartu ahal izanen baitute entrenamendu-talde eta kirol-instalazio bakoitzeko.
Bigarren aldaketa kirol-federazioek antolatutako lehiaketetan eta probetan egin da. Zehazki, aire zabalean gehienez 50 parte-hartzaile egon daitezke, betiere aldez aurretik Osasun Departamentuaren baimena jasotzen badute. Lehiaketa horiek baimenduta egonen dira kirolak kontaktukoak edo oposiziokoak ez badira eta partaidetza-indize handia duten kiroletakoak badira, esaterako: txirrindulari-probal, lasterketa atletikoak, mendi-lasterketak, patinajea, triatloia eta abar. Hala ere, Nafarroako kirol-federazioek espazio itxietan antolatutako lehiaketa eta probetan ezinen da gainditu 25 parte-hartzaileen gehieneko kopurua, baina gehieneko kopuru hori gaindituz gero, baimena eskatu beharko zaio Nafarroako Kirolaren Institutuari.