Mikel Reparaz Extramiana

"Arrazakeria da Amerikako Estatu Batuen bekatu originala"

Maider Betelu Ganboa 2020ko aza. 17a, 12:00

Kazetari arbizuarrak ‘Las grietas de America’ liburua aurkeztu zuen larunbatean Arbizun eta asteazkenean aurkeztuko du Etxarri Aranatzen. Estatu Batuak ulertzeko ezinbesteko liburua da

ETBko nazioarteko arduradun Mikel Reparazen Las grietas de America liburua irailaren 13an publikatu zen (Peninsula). Liburua ezinbestekoa da Amerikako Estatu Batuen (AEB) gizarte zatikatuaren arrazoietan sakontzeko eta berriki burutu diren hauteskundeetan jokoan zegoena ulertzeko. Guztia, irakurtzeko arina den erreportaje literarioan. 

HAUTESKUNDEEZ
2013tik 2018ra EITBko AEBko korrespontsala izan zinen; egun batzutan zure aurreko lana berreskuratu zenuen, Joe Bidenen kanpaina jarraitu baituzu. Zer moduz?
Hauteskunde gaua luzatu zitzaigun, lauzpabost egun egon ginen emaitzen zain. Gogorra eta luzea izan da, baina aitortzen dut oso interesgarria izan dela eta faltan botatzen nuela horrelako lana egitea. Gustura ibili gara.

Biden eta Trumpen arteko hauteskundeak historikoak izan direla azpimarratzen da. Aurrekoekin alderatuta zein izan da desberdintasunik nabarmenena, Trumpen jarrera agian?
Zalantzarik gabe. Trumpek hauteskunde prozesuaren zilegitasuna zalantzan jarri du iruzur salaketa horiek egin dituenean eta Bidenen garaipena onartu ez duenean. AEBetan hori inoiz ez da gertatu. Bestalde, aurrekaririk gabeko beste elementu bat pandemia izan da. Pandemiak erabat baldintzatu ditu hauteskundeak, posta bidezko botoa eta hauteskundeetako parte hartzea ikaragarria izan delako, orain arteko altuena. Hauteskunde bereziak izaten ari dira, Trumpek oraindik ez duelako emaitza onartu. Ikusiko da hau guztia nola bukatzen den. 

"Estatu Batuetako gizartea erabat zatituta dago; ez du konponbide errazik"

Demokratak bueltan dira. Joe Biden Obamaren presidenteordea izan zen. Kamala Harrisek AEBetako kultur aniztasuna irudikatzen du. Historikoa da emakume bat lehenengo aldiz presidenteordea izatea. 
Kamala Harrisen hautaketa historikoa da, aniztasuna irudikatzen duelako eta lehen aldiz emakume bat postu horretara iritsi delako. Are gehiago esanen nuke: Joe Bidenek 77 urte dauzka, esana du ez dela bigarren agintaldi batera aurkeztuko, eta pentsatzekoa da Kamala Harris izango dela hurrengo hautagaia. Horrek ere egiten ditu berezi hauteskunde hauek. Delawaren garaipena ospatu zutenean, Kamala Harrisek protagonismo handia izan zuen eta nabarmendu zuen AEBak herrialde anitza dela, etorkinek egindakoa, eta bera dela lehen emakumea postu horretan baina ez dela azkena izanen. 

Joe Bidenek batasunaren aldeko aldarria egin zuen Delawaren. “Estatu Batuak sendatzeko” garaia dela adierazi zuen; ez zituela estatu gorriak edo urdinak ikusten, “Estatu Batuak ikusten zituela” nabarmendu zuen, eta “denendako gobernatuko duela” ziurtatu zuen. Hari entzuten zure liburua zetorkidan burura, 'Las grietas de America'-n AEBetako gizartea erdibituta dagoela azaltzen baituzu, AEBak arrazakeriaren gainean eraikita dagoela, eta biolentzia AEBen oinarrian dagoela. 
AEBetako gizartean dagoen arazo larriena hori da, arrakala horiek. Gizartea erabat zatituta eta polarizatuta dago; zatiketa horrek ez du konponbide errazik baina Joe Bidenek hori agerrarazi nahi izan zuen, bera prest dagoela herrialdea batzeko. Kontua da zatiketa erabatekoa dela; Bidenek ia 75 milioi boto jaso ditu, baina Trumpek ia 71 milioi, eta hori ez da gutxietsi behar. Egoera oso kezkagarria da, Trumpek zatiketaren suari gasolina botatzen diolako esanez kalera atera behar dela, hau bidegabekeria bat dela, hauteskundeak berak irabazi dituela baina garaipen hori iruzurrak kendu egin diola. Eta hori jende askok sinisten du. Trumpen jarraitzaileek ez dute oso erraz amore emanen, eta iruditzen zait Bidenek ez duela batere erraza herrialdea batu eta denek bat egiteko. Oraindik erronka handia da hori AEBetan. Liburuan azaltzen dudan bezala, honek sustrai oso sakona du; atzetik datorren kontua da. Erreforma handiak egin beharko dira arrazakeriarekin amaitu eta gatazka konpontzeko, hau gatazka politiko bat delako. 

AEB-ETAKO ARRAKALAK
Liburuan, bi gertakizunetan oinarritzen zara gizartearen bi alde horiek irudikatzeko. 2015ean Baltimoren Freddy Gray izeneko mutil afroamerikarra hil zuen poliziak eta horrek izugarrizko matxinada sortu zuen. Bestetik, Trump boterean zela, 2017an Charlottesvillen James Alex Field neonaziak Heather Heyer antiarrazista autoarekin harrapatu eta hil zuen talde neonaziak eta arrazistak protesta egitera atera zirenean. Horrelako beste hamaika gertakizun aipatzen dituzu, tartean maiatzean Chauvin poliziak George Floyd ito eta hil zuenekoa. 
AEBetan supremazia txuriak botere ikaragarria du eta izan du hasieratik. Afroamerikarrek eta gutxiengoek –beltzek, latinoek, indigenek...– aurrerapausoak eman dituzte eta konkista sozialak ere izan dira: LGTB eskubideen mugimendua, MeToo eraso sexualen aurkako mugimendua… Tradizio progresista aurrerakoi bat dago, baina AEBetan konkista bat lortzen denean, atzerapauso bat etortzen da atzetik. Liburuan, metafora bat eginez,  aipatzen dut Araknido Handi bat dagoela atzean, eta AEBetako munduko lehen demokrazia modernoaren zutabeen artean, araknido horrek hor armiarma sare bat sortzen duela. Hori, azkenean, supremazia txuria da. Sare hori deuseztatzen duten aldiro, berriz ere berreraikitzen du. Horrela izan da historikoki. Prozesu hori eman zen Obama lehen presidente beltza boterera iritsi zenean; Trumpen aukeraketaren erreakzioa etorri zen. Supremazia txuriaren erreakzioa izan zen, eta hor kokatzen da ere Charlottesvilleko gertakaria. Supremazismo txuriak maskara guztiak kendu ditu, zentzu guztietan, pandemiaren erdian ere. Liburuak erakutsi nahi du AEBetan hasieratik izan den supremazismo txuri horrek boterearen egituretan jarraitzen duela. Horregatik diot Bidenek eta Harrisek oso zaila izanen dutela. Herrialdea batzeko eta arrakala horiek berriz ere sendatzeko borondatea izanen dute, baina aldaketa estrukturalak egin beharko lituzkete; Obama ez zen horretarako gai izan. Denak du kolorea AEBetan; pobreziak kolorea du. Eta horri aurre egiten ez zaion bitartean ez da gatazka konponduko. Hori oso zaila da, besteak beste AEBak munduko herrialde kapitalistena delako eta kapitalismoak bizirauteko pobrezia behar duelako, desberdintasun hori. Eta AEBetan desberdintasun horrek kolorea du. Horregatik diot oso zaila dela. Saiatuko dira, aurrerapausoak eta konkistak etorriko dira…

… baina Araknido Handia berriro hasiko da sareak josten. 
Supremazismo txuriak hor jarraitzen du eta horri aurre egitea oso zaila da AEBetan. 

"Pobreziak kolorea du, eta horri aurre egiten ez zaion bitartean ez da gatazka konponduko"

AEBetan ia ezkutuan dagoen gertakizun bat kontatzen duzu, 1921eko ekainaren 1ean Tusla bonbardatu zutela, petrolioari esker ongizatea lortu zuen komunitate afroamerikar bat deuseztatzeko, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik.
AEBetan gehienek ez dute gertakari hori ezagutzen, ikastetxeetan ez delako irakasten, historia liburuetan ez delako agertzen eta herrialde horretan memoria historikorik ez dagoelako. Tulsa Oklahoman dago, eta hor sortu zen ‘Wall Street beltza’ zeritzotena. Auzo nahiko aberatsa zen, petrolioa aurkitu zutelako, baina beltzak ziren, eta horrek garai horretan, 1921 urtean, Ku Klux Klan eta supremazista txuriak erotzen zituen, halako auzo oparo bat egotea beltzen esku. Horrela, argitu ez den gertakizun bat aitzakia hartuta, Lehen Munduko Gerrako hegazkinak dekomisatuta zeuden aireportu txiki batetik hegazkinak atera eta auzoa bonbardatu eta deuseztatu zuten. Ehunka hildako izan ziren, ikerketa batzordeak egon dira... baina inoiz ez da argitu. AEBetan hori gertatzen da; nik beti esan izan dut gainetik porlana botata estaltzen dutela historia. Auzo hori zegoen tokiaren gainean ikaragarrizko autobide handi bat egin zuten. Hori AEBetako historia da. Jendeak ez du ezagutzen, eta nik askotan esaten dut AEBetan historia fikzioaren bitartez iristen zaigula, edo Hollywoodeko pelikuletan. Baina ez dago benetako memoria historikorik. AEBetan horrelako garbiketa etniko ikaragarriak eta sarraskiak gertatu dira historian zehar. Memoria hori aldarrikatzen dut, AEBetan ez delako landu.

"Historia fikzioaren bitartez iristen da askotan; AEBetan ez dago memoria historikorik"

MUSIKAREN GARRANTZIA
Musikak garrantzi handia du liburuan. Billie Holidayk 1939an Cafe Societyn lehen aldiz Abel Meeropolen ‘Strange Fruit’ poema kantatu zuenetik hasita –afroamerikarren zapalkuntzaren kontrako nolabaiteko ereserkia–, Woody Guthrie, Bod Dylan, Johnny Cash, Bruce Springsteen, punk mugimendua, Rage Against The Machine... Musika oso garrantzitsua da, ezta?
Musika oso garrantzitsua da bizitzan, niretako ezinbestekoa da. Musikarik gabe, zer izango ginateke? Musika arima elikatzen duen zerbait da. Liburuan garrantzi handia dauka. AEBetan musika ideologiaren eta tradizio aurrerakoi baten ibilgailua izan da, musikaren bitartez gauza asko ulertzen direlako eta hurbiltzen gaituelako. Nork ez du ezagutzen Bob Dylan, Rage Against The Machine edo hip-hopa? Liburuan 30. hamarkadatik, folkie mugimendu horretatik, honainoko ibilbidea egiten dut. Woody Guthrie da folkie mugimenduko aurpegi ezagunena. Oklahomako antifaxista bat zen, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako kantak egiten zituena, eta horrek gero ekarri zuen atzetik etorri zen tradizio guztia. Guthriek inspiratu zituen Pete Seeger, Bob Dylan bera... horrek musika konprometituaren tradizioa ekarri zuen AEBetara. Eta hor musika beltzak izan duen garrantzia sartzen ere saiatu naiz. Askotan ez dugu gure burua horrela ikusi nahi, baina gu neurri handi batean AEBetako satelite kulturalak gara, hor daude gure erreferente kultural asko. Europan tradizio oso luzea dugu, baina AEBetako musikak eta Hollywoodek guregan eragin eta itzal ikaragarri handia du eta neurri batean orbita horretan gaude. Horregatik egiten zaigu hain ezagun. 60. hamarkadan Vietnameko gerraren kontrako mugimenduak, edo eskubide zibilen aldeko gatazkak, soinu banda bat izan zuten, eta horrek hurbiltzen gaitu. Horregatik musikak garrantzi handia du liburuan. Musika hori entzuteko Spotify-en Las grietas de America izeneko playlista sortu nuen, liburua irakurtzen den bitartean musika entzuteko. 150 kanta inguru dira.

ITZALAK ETA ARGIAK
Liburuaren bukaeran esaten duzu AEBetan biolentziak eztanda egiten duenean ez dela ezer aldatzen eta, aldi berean, guztia aldatzen dela, eta biolentzia, aldi berean, AEBen garapenaren motorra dela. Industria teknologikoa mugan harresiak jasoz garatzen da, bideozaintza sistema garestiak sortzen… finean,  gatazkak AEBen supremazia ekonomiko eta kulturala ekarri duela mundu mailan. Baina esperantzarako tartea zabaltzen duzu, esanez, hala ere, AEBak aukeren herrialdea izaten jarraitzen dutela. Aldaketak iritsiko dira?
AEBetan badira argiak eta badira itzalak. Neurri handi batean AEBek indarkeriaren bitartez lortu dute mundu mailako potentzia nagusiena izatea, bai barruan, arrazakeriarekin, poliziaren indarkeriarekin, justizia sistema jakin batekin, eta baita kanpoan ere, herrialdeak inbadituz. Egun erabiltzen ditugun hainbat aurrerapen teknologiko, internetetik hasita, AEBetako asmakizun militarrak dira, biolentziaren fruitu. Baina AEBetan badira ere argiak. Nik uste dut liburua ez dela iluna. Historia ilun bat kontatzen du, zalantzarik gabe. Une batzuetan liburua oso gogorra da. Baina baditu argiak ere. Iruditzen zait AEBak, edozein gizaki bezala, gauzarik onenak eta gauzarik ilunenak egiteko gai dela. Hala ere, gizakiarengan konfiantza izan behar da. 

"Supremazismo txuriak boterearen egituretan jarraitzen duela erakusten du liburuak"

BIGARREN KOADERNOTIK SORTUTAKO EMAITZA
Noiz erabaki zenuen liburu bat idatzi beharra zenuela? 
Irratirako eta telebistarako lan egiten dut. Minutu bateko piezak egin behar dituzu, hor sartu behar duzu kontatu behar duzun guztia; hor amaitzen da gure lana. AEBetako 50 estatuetan zehar ibili naizenean, nire kazetari kobertura lan guztietara bi koaderno eramaten nituen. Batean telebistarako eta irratirako kronikak idazten nituen, eta bestean nire hausnarketak, pasadizoak eta bestelako elkarrizketak.Eta bigarren koaderno horrek eman dit liburua idazteko materiala. Nire korrespontsal urteen inguruan zerbait sakonagoa kontatu nahi izan dut beti. Hasierako asmoa dokumental bat edo pelikula bat egitea zen, baina azkenean idaztea erabaki nuen, materiala idatzita nuelako. Prozesu natural bat izan zen. Idaztea, berez, bi urteko lana izan zen. Denbora asko kendu zidan baina oso pozik nago liburua idatzi eta argitaratu izanarekin. 3. edizioa du dagoeneko, oso ongi doa. 

Kontentu zaude emaitzarekin? Edo zerbait gehitu izanaren edo aldatzearen arantza duzu?
Liburuaren epilogoaren izenburua “jarraituko du” da, azkenean hau ez baita amaitzen. Liburua maiatzean atera behar zen, koronabirusarengatik atzeratu zen, eta horrek bidea eman zidan eguneratu eta George Floyden hilketa, koronabirusa bera eta beste zenbait gertakari kontatzeko. Liburuaren amaiera iraila da, 2020ko hauteskundeak. Azkenean pozik gelditu naiz liburuarekin, iruditzen zaidalako liburu atenporal bat dela. 

Atenporala izateko asmoa lortu duzu, eta halako gai batekin hori oso zaila da...
Momentu historiko bat kontatzen du, baina aldi berean gatazka historiko bat kontatzen du, erreferentzia historiko askorekin. Nik uste dut ere gida liburu moduan funtzionatzen duela, AEBak aztertu eta jendeari laguntzeko bertan gertatzen dena ulertzen. Iruditzen zait askotan AEBei begi europearrekin begiratzen diegula; gauza asko ikaragarriak iruditzen zaizkigu, esaterako, nola poliziak hil ditzakeen armarik gabeko mutil beltzak tiroz. Baina horrek badu atzean historia luze bat, eta hori da liburuan idazten saiatu naizena. Beti iruditu izan zait arrazakeria dela AEBek duten bekatu originala edo arazorik handiena, eta horregatik horri jarri nion arreta. 

Liburuak gai asko ukitzen ditu, baina aldi berean, arintasuna du. Ez da nobela bat, baina erraz irakurri daiteke.
Nire obsesioa zen irakurgarria izatea, tonu literario bat izan zezala. Erreportaje bat da, baina erreportaje literario bat, eta iruditzen zait ez dela liburu astun bat. Uste dut erraz irakurtzen dela. 

Liburuaren balorazio oso ona egiten ari dira zure lankideak, kazetariak, adituak… Twitterren sartzea besterik ez dago. Halakoak irakurtzerakoan zer sentitzen duzu?
Kristoren poza eta ilusioa, aitortuko dizut. Nik ez dut nuen orain arte liburu bat argitaratu, eta esaten dute ia ume bat izatea bezala dela. Neurri batean egia da, bat batean liburuak bere bizia hartzen duelako eta hor doa, aurrera; jada ez da nirea, hor dago, jendeak irakurtzen du eta bakoitzak bere iritzia du. Bidenen jarraipena egiten egon naizenean kazetariak etorri zaizkit esatera irakurri dutela; poza ematen dizu, pentsatzen duzulako gutxienez idatzi duzun horrek interesa piztu duela. Ez duzu liburu bat diruagatik idazten; liburuak ez dira asko saltzen, baina konturatzen zarenean eragin bat baduela, jendeak baloratzen duela, edo baliagarria zaiola AEBak ulertzeko...hori da handiena. 

"Nire korrespontsal urteen inguruan zerbait sakonagoa kontatu nahi izan dut beti"

Argitaletxeak ez al dizu proposatu liburua itzultzea? Liburua oso interesgarria da kanpotarrendako, baina baita estatu batuarrendako ere, hausnarketa tresna garrantzitsua izan daitekeelako.
Liburua irakurri duten estatubatuarrek, lagunek eta baita kazetariek ere, horixe bera esaten didate, liburua oso baliagarria dela estatubatuarrendako, oso ikuspegi ezberdina duelako. AEBetan arrazakeriaren eta gatazkaren inguruan milaka liburu idatzi dira, pelikulak, dokumentalak... baina hau beste ikuspegi bat da, hona etorri den kazetari europar batena. Nik euskaraz argitaratzea nahiko nuke, Amerikako arrakalak atera daitezela euskaraz, eta baita beste hizkuntza batzuetan ere. Mundu editorialak bere mekanismoak ditu, eta auskalo. 

SAKANAKO AURKEZPENAK
Sakanan aurkeztuko duzu liburua. Larunbatean Arbizun aurkeztu zenuen, Pello Urzelairekin, eta asteazkenean, azaroak 18, Etxarri Aranatzen aurkeztuko duzu (19:00etan, liburutegian). 
Niretako Sakanan liburua aurkeztea ezinbestekoa da. Arbizun, nire herrian, aurkeztu nahi nuen, asteazkenean Etxarri Aranatzen izanen naiz, eta Altsasun ere aurkeztu nahiko nuke. Pandemiagatik aforoak oso txikiak dira, baina hor izanen gara.