Harri jasotzea

Jon Irañetak txapelari eutsi dio, marka hobetuta

Maider Betelu Ganboa 2020ko aza. 18a, 12:30

Irurtzunen jokatutako Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen Egiarretako harri jasotzaileak, 52 altxalditan 5.887,5 kilo jasota. Alvaro Zugarrondori 800 kiloko aldea atera zion

Azaroaren 7an Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa eta Nafarroako Gizonezkoen Txinga-Erute Txapelketa jokatu ziren Irurtzungo pilotalekuan. Pandemia dela eta, ateak itxita jokatu ziren bi txapelketak, eta zaletuen giroa asko bota zen faltan. 23 urteko Jon Irañeta gazte egiarretarrak iazko txapela defendatu zuen eta lanak oso ongi egin zituen, aurreko marka ontzea eta txapelari eustea lortu baitzuen.

Jon Irañeta eta Alvaro Zugarrondo aritu ziren Nafarroako Txapelketan. Josetxo Urrutia lehiatzekoa zen, baina ez zen plazan agertu. “Pena izan zen, harri jasotzaile gehiagorekin gusturago ibiltzen zarelako, baina Josetxok mina hartu zuen azkeneko lehiaketan eta ez zen atera” azaldu du Irañetak.

Markak nabarmen onera
Aurreko astean Jon Irañetak aipatu zuen joan den urteko denboraldiarekin alderatuta, aurten ez zela pisu zenbakietan diferentzia handirik egongo, pandemia dela eta urte arraroa izan delako eta ez dutelako apenas erakustaldirik ez txapelketarik izan. Baina Egiarretakoa guztiz okertuta zegoen, berak eta baita Alvaro Zugarrondok ere aurreko urteko markak ondu zituztelako.

2019an 47 altxalditan 5.337,5 kilo jasota lortu zuen txapela Jon Irañetak, eta aurten 52 altxalditan 5.887,5 kilo jaso zituen (125 kiloko zilindroari 20 altxaldi, 113 kiloko kubikoari 15 eta 100 kiloko bolari 17), aurreko urtean baino 500 kilo gehiago. Alvaro Zugarrondok 4.537,5 kilo jaso zituen guztira azaroaren 7an, 40 altxalditan (zilindroari 16 altxaldi, kubikoari 11 eta bolari 13), aurreko urtean baino 900 kilo gehiago. “Egia da, aurten gora egin dugu. Agian gogo askorekin hartu genuen plazan lehiatzeko aukera. Nire kasuan, gustuz hartu nuen. Normalean sanferminetan jokatzen da Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa, eta aurten frontoi itxi batean aritzea ezberdina izan zen. Ez zegoen sanferminetako berorik ez eguzkirik… erosoago ibili nintzen frontoian, zentratuago ikusi nuen neure burua, oso gustura” aitortu zuen Egiarretako harri jasotzaileak. 

"Harri jasotzean jarraitzeko gogoz nago; Euskal Herrikoa prestatu nahi dut"

Alvaro Zugarrondok ere bere lana izugarri hobetu zuen. “Lan polita egin zuen Alvarok, iaz baino 900 kilo gehiago jaso zituen” azaldu zuen Irañetak. Hala ere, Egiarretako gazteak 800 kilo atera zizkion Zugarrondori eta bigarren urtez Nafarroako harri jasotze txapelduna izanen da. “Pozik nago. Honek lasaitasuna ematen dit datorren denboraldirako” gaineratu du. Gurasoekin ospatu zuen txapela, etxean, "arauak beteaz”.

Txapelketa publikorik gabe jokatu zen. “Arraroa egin zen frontoi hutsean aritzea, baina giroa ez zen horren hotza izan, Nafarroako Txinga-Erute Txapelketan aritu zirenak han zeudelako, epaileak, laguntzaileak... azkenean espero baino giro gehiago egon zen” aipatu du Irañetak.

Txapela, Sakanako eskolara
Jonek Sakanako Harri Jasotze Eskolako Mikel Lasarte izan zuen laguntzaile. “Mikel ere pozik zegoen; urte osoan nirekin entrenatzen egoten da, eta markak hobetu eta txapela eskolara ekartzearekin oso pozik zegoen” nabarmendu du Irañetak.

Erronka, Euskal Herrikoa
Egiarretarrak 23 urte ditu eta tarte handia du hobetzeko. “Gauzak ongi, urteak baditut hobetzeko, eta harri jasotzean jarraitzeko gogoz nago” dio. Nafarroako bigarren txapela lortu du jarraian, eta Euskal Herrikoan parte hartzeko saltoa egingo du. “Gogotsu nago datorren urtean Euskal Herrikoan eta beste edozein txapelketetan parte hartzeko. Prest nago zenbaki onak atera eta bertan aritzeko. Gutxienez Euskal Herriko Txapelketa prestatzea izango da datorren urteko helburua, zenbaki polit batzuk uztea” gaineratu du. Hori bai, jende aurrean aritzea nahiago luke. “Beti politagoa da zaleen aurrean aritzea”. Bitartean, Urrezko Harri jasotzaileen Txapelketan jarraituko du, Urdax Magunazelaiarekin bikotea osatuta.