Denboran atzera egin, emakumeen papera aztertu eta proposatutako kodeak argitu eta gero, egungo garaira heltzea da Berdintasunaren aldeko escape roomaren helburua.
1. Satrustegiko Tramankulu enpresak antolatu du asteburuan Olaztin eskaini zen Berdintasunaren Aldeko Escape Rooma.
Bikoteak eta nik osatu genuen Tramankulu eta orain dela 10 urte hasi ginen lanean Sakanan, haurrendako ingelesezko tailerrak eskaintzen. Segidan, herriz-herri jolasak, tailerrak eta ginkanak eskaintzen hasi ginen. Jolas kooperatiboak dira, ez dago lehiaketarik eta berdintasuna sustatzen dute. Eta ondoren escape roomak ere prestatzen hasi ginen.
2. Zer da escape room bat?
Areto itxi batean egiten den ginkana antzeko bat, adin guztiendako. Jolas kooperatibo bat da. Taldea gela baten barruan itxita dago eta handik atera behar du. Horretarako, ematen zaizkien pistak jarraituz, kodeak deszifratu beharko dituzte. Asko pentsatu beharko dute, adostu, erabakiak hartu…
3. Zuen Escape Roometan gai ezberdinak jorratzen dituzue?
Bai. Badugu escape room ibiltari orokor bat, baina gero gai ezberdinetakoak lantzen ditugu. Izan daiteke Gau Beltzarako escape rooma, inauterietarako bat, edo Olaztin eskainiko duguna, berdintasuna lantzen duena.
4. Ordu bateko saio horren atzetik lan ordu asko daude.
Bai. Lehenik eta behin ikertze lana; ondoren escape roomean zein kontzeptu landu erabaki eta kontzeptu horiek kode batean bilakatu; gero hori guztia istorio batean kokatu, mundu berezi batean sartzeko. Eta mundu hori girotzeko erabiliko dituzun elementuak, altzariak, jantziak eta beste hautatu. Ildo honetan, ohiko escape roomak, toki finkoan daudenak, kanpotik monitorizatuta daude. Horrela, jendea galduta badago, pistak ematen dizkiete kanpotik. Gure escape roomak ibiltariak direnez, mozorrotu egiten gara eta istorioa azaltzen dugun pertsonaiak gara. Behar izanez gero, pista batzuk ematen dizkiegu parte hartzaileei.
5. Nola sortu zen Berdintasunaren aldeko escape rooma antolatzeko ideia?
Barañaingo Berdintasun Zerbitzutik proposatu ziguten. Oso polita gelditu zen, jendeari gustatu zitzaion.
6. Asteburuan Olaztiko Kultur Etxean egin zenuten, emakumeen indarkeriaren kontrako egunaren harira Mankomunitateak antolatu duen egitarauaren barruan.
Bai. Sakanako Berdintasun teknikariarekin bildu gara Sakanan berdintasunaren alde egiten ari diren lan guztiaren berri izateko, gero escape roomaren testuinguruan kokatzeko.
7. Nolako escape rooma izan da?
Zerbait aurreratu dezakegu baina espoilerrik egin gabe. Istorioa etxe handi eta dotore batean hasten da. Gure asmoa da gure arbasoak, gure aittun-amiñak, herrietan nola bizi ziren irudikatzea. Testuinguru historikoa 2. Errepublika garaian hasten da. Escape roomeko etxekoandrea emakumeen eskubideen aldeko aktibista da, eta sufragio unibertsalaren aldeko borrokan parte hartuko du. Ni etxeko maiordomoa naiz; jendeari ongi etorria egingo diot, gure istorioa aurkezteko.
8. Historian atzera egingo da.
Bai, ideia da denboran zeharreko bidaia egitea. XX. mendeko 30. hamarkadan hasiko gara, eta orduan nola bizi ziren ikusiko dugu. Gero, beste garai eta leku batzuetan sartuko gara.1923ko maisu-maistren kontratua eta emazte onaren dekalogoa bezalako testuak dira parte hartzaileek deszifratu behar dituzten kodeen oinarria etorkizunera iritsi ahal izateko. Egungo momentura iritsiko gara: soldata-arrakala, genero indarkeria, sare sozialak… halako kontzeptuak ikusiko dira. Finean, ikusiko dugu denboran asko egin dugula aurrera, baina oraindik errealitatea da denbora asko falta dela berdintasunera iristeko.
9. Pandemia dela eta, zer nolako neurriak hartu dituzue?
Taldeak pasa ahala gelak desinfektatzen ditugu eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa da. Taldeak gehienez 8 pertsonakoak izanen dira.
10. Escape rooma larunbatean izan zen.
Sakandarrak esperientzia ezberdin batean aritzera animatzen ditugu!
11. Helburua ongi pasatzea da.
Escape rooma jolas bat da, kasu honetan gai oso sakona duena, baina helburua ongi pasatzea da, gai hori lantzen dugun bitartean. Eta jendea oso gustura egoten da. Beraz, asteburuan Olaztin egongo gara sakandarren zain, dena prest. Gure etxe zaharretan barneratuko gara. Girotzea oso polita da, altzariak eta elementuak oso autentikoak direlako, eta jendeak eskertzen du. Oso pozik gaude escape room hau Sakanan aurkezteagatik. Ilusio guztiarekin prestatu dugu eta harro antzeztuko dugu.