Pilota

Ezkurdiak dio erregular aritu beharko duela "xehetasunek lehia erabaki dezaketelako"

Joseba Ezkurdiak Jokin Altuna izanen du aurkari Buruz Buruko final laurdenean igandean Astelenan (17:00, ETB1). Bi pilotariak sasoitsu eta joko onarekin heldu dira txapelketara eta final zaporea duen partida oso estua espero da

Joseba Ezkurdiak Lau eta erdiko bi txapela –2018an eta 2019an– eta Binakako txapel bat –2018an, Zabaletarekin– ditu bere bitrinan, baina orain arte Buruz Buruko txapela ez du jartzerik izan. Joan den urtean Buruz Buruko finalerdietan erori zen Mikel Urrutikoetxearen kontra, eta zapore txarrarekin utzi zuen txapelketa. 
Aurten Buruz Burukoan lan ona egin nahi du Ezkurdiak, baina aitortu beharra dago txapelketako zozketan ez zuela zortea alde izan, Jokin Altunaren multzoan egotea egokitu baitzaio. Biak multzo berean egoteak txapelketari nolabaiteko dirdira kendu dio, baina zortea halakoa da. Horrela, Ezkurdiak eta Altunak igandean jokatuko dute final zaporea duen final laurdena, Eibarko Astelenan (17:00, ETB1). 
Partida estua eta gogorra izango dela ez dago zalantzarik. Biak sasoi betean iritsi dira partidara, sentsazio eta joko onarekin. Biak ala biak hezur gogorrak dira, eta sorpresa handia gertatzen ez bada paretsu joango da lehia. Jokoan dagoena handia da, Buruz Buruko finalerdietara sailkatzea, eta igandean hutsik egongo den Astelenan ez da emozioa faltako.

Ezkurdia: “Errematearekin min handia egiten du Altunak”
Bi pilotariek atzo aukeratu zuten materiala. Ezkurdiak adierazi zuenez, Buruz Burukoari ekiteko “gogotsu” dago. Entrenamendu onak egin dituela gaineratu zuen arbizuarrak, eta sentsazioak onak direla. Altuna arerio oso latza dela jakitun da. “Altuna une onean iritsi da txapelketara, pilota ongi ateratzen zaio eskuetatik eta errematearekin min handia egiten du. Horregatik nire jokoa oso ondo egin beharko dut, hori baita partida irabazteko aukera bakarra. Erregular aritu beharko naiz, xehetasun txikiek partida erabaki dezaketelako”. 

Altuna: “Ezkurdia arerio latza da”
Altunak azaldu zuen oso gustukoak izan zituela bai bere pilotak eta baita Josebarenak ere. Ezkurdia ez dela arerio erraza nabarmendu zuen. “Ezkurdia asko jokatzen ari da modalitate guztietan. Arerio latza da. Izugarri ateratzen du, eta sakea bereganatzen badu tanto takada egiten du. Ongi aritu beharko naiz”.