XII. Euskal Herriko Mus Txapelketako finala heldu den urtera atzeratuta

Guaixe 2020ko aza. 13a, 12:18
Euskal Herriko Mus Txapelketako Arbizuko kanporaketa. Artxiboa

2020ko martxoaren 14ean egitekoa zen XII. Euskal Herriko Mus Txapelketaren nazio finala  Arabako Zigoitian. COVID-19 gaitzarengatik 2021eko martxora atzeratu dute, eta Zigoitian izanen da.

Sakanako makina bat herritan jokatzen dira Euskal Herriko Mus Txapelketako hainbat kanporaketa. Herritik herrialdekora eta herrialdekotik nazio mailako finalera pasatzen dira muslari trebeenak. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 128bikote neurtu behar ziren finalean. Baina antolakuntzak azken final hori bertan behera uztea erabaki zuen pandemiagatik. Urtebete atzeratu du. Sailkaturiko bikoteen zerrenda www.ehmus.eus webgunean kontsulta daiteke. Hala ere, antolakuntza bikote bakoitzarekin harremanetan ere jarri da erabakiaren berri emateko. Beraz aurten finalera sailkatu zirenek datorren urtean jokatuko dute finala Zigoitian.

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, “XIII. Euskal Herriko Mus Txapelketak urtebete itxaron beharko du”. Eta gaineratu dute, “momentu honetan COVID-19  gaitzari aurre egiteak lehentasuna du. Horregatik osasuna eta pertsonak erdigunean jarriz aurten, nazio mailan herriz herri burutzen den mus txapelketa ez antolatzea erabaki dugu”. 

Hala ere, aurten zerbait egitekotan dira, abendu inguruan: “Euskal Herriko zazpi herrialdetako kultur eta kirol eremuko herritarrek osaturiko bikote mistoekin, musaldi berezia antolatu asmo dugu. Euskara oinarri hartuaz gizarteko edozein eremutan ezagun diren herritarrak musean jarriko ditugu. Bikote irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta sari hau Ipar Euskal Herriko Ikastola elkarteko Seaskarendako izanen da dohaintzan”.