Pilota

Ezkurdiak "inpotentziaz" esan zion agur Buruz Burukoari

Guaixe 2020ko aza. 16a, 12:10

Maila ikusgarriko partida eskaini zuten Ezkurdiak eta Altunak, baina arbizuarrak akats gehiago egin zituen eta hor egin ihes zion partidak. 18 eta 22 galdu eta gero, Buruz Burukoari agur esateagatik "jota" zegoela aitortu zuen Ezkurdiak baina egoerari buelta emango diola argi du 

Ikusgarria izan zen atzo Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatutako Buruz Buruko final laurdena. Final baten zaporea zuen final laurdena izango zela aurreikusten zen eta hala izan zen. Material aukeraketan aurrelari arbizuarrak aitortu zuen xehetasun txikiek erabakiko zutela partida eta erregular izatea ezinbestekoa izango zela, eta hori izan zen, hain zuzen ere, Eibarko Astelenan jokatutako partidaren gakoa. Bi pilotariek goi mailako partida eskaini zuten, bikain jokatu zuten baina Ezkurdiak akats gehiago egin zituen eta horrek eman zion garaipena Altunari. Hori erakusten dute partidako datuek: biek bina tanto egin zituzten sakez, baina Ezkurdiak 7 akats egin zituen eta Altunak, aldiz, 3. Eta hor ihes egin zitzaion partida arbizuarrari. 

Partida hasieran parean ibili ziren bi pilotariak. Batak tantoa egin, berehala zetorren bestearen erantzuna. Tantoak luzeak eta borrokatuak izan ziren hasieratik, eta berehala gogortu zen partida. Jokin Altunak takada ederra egin zuen eta 8 eta 14 jarri zen aurretik, baina arbizuarrak ez zuen etsi eta ongi erantzun zuen, markagailura gerturatuz (14 eta 18). Tanto gogorrak izan ziren, eta bi pilotariak nekatuta zeuden. 18 eta 21 gerturatu zen Ezkurdia, eta hiru tantora jarri zen. Tamalez, klabeak ziren tantoetan etorri ziren atzera ere aurrelari arbizuarraren akatsak, txokoan dejada egiterakoan, bereziki, azken tantoan gertatu bezala. Horrela, bukaeran, 18 eta 22  galduta, Buruz Burukoari agur esan behar izan zion arbizuarrak. 

Ezkurdia: "Pilota gehiegi oparitu ditut, eta horrela zaila da irabaztea"
Altunak aitortu zuen biak ongi aritu zirela, parean, eta Ezkurdiak akats gehiago egin zituelako lortu zuela garaipena. Arbizuarra, lur jota zegoen. "Sekulako inpotentzia" sentitzen zuela aitortu zuen partida bukaeran. "Altuna bezalako pilotari handi baten kontra ezin da horrela irabazi. Asko oparitu dut eta pena horrekin nago. Partida oso gogorra izan da, partida ona egin dugu biok. Sentsazioa dut egin ditudan akats horietan joan zaidala partida; pilota gehiegi oparitu ditut, eta horrela zaila da irabaztea. Bestela, entrenamenduetan sekula baino hobeki ibili naiz, gustura, txispaz jotzen; sentsazio onak nituen. Partidan pilota oso ongi ateratzen zitzaidan eskuetatik, bai eskuinarekin eta baita ezkerrarekin ere, airez ongi, gantxoak ongi gurutzatzen nituen, eta gustura nenbilen, baina bukatu nahi horrekin akats asko egin ditut. Aukera asko eman dizkiot Jokini eta bera bezalako pilotari bati ezin zaizkio aukerarik eman, kristoren pilotaria delako eta pilota harrapatuz gero bukatzen duelako” nabarmendu zuen Ezkurdiak. 

Kolpe ikaragarria da izan da hau arbizuarrarendako, baina beste beste erronka garrantzitsuak ditu aurrez aurre, atez joka dagoen Binakako Txapelketako bukaera eta haren ondotik berehala hasiko den Lau eta Erdiko Txapelketa, esaterako. "Hori du ona pilotak. Txapelketak bata bestearen atzetik ditugu eta alde horretatik gustura. Garrantzitsuena da jokoz eta txispaz oso ongi nagoela eta ongi ikusten naizela. Buruz Burukoarena pena da, pare bat egun izorratuta pasako ditut baina buelta emango diogu. Inguru ona dut honi buelta emateko eta horri eutsiko diot” adierazi zuen partida bukaeran Ezkurdiak, malkoei eutsi ezinik. 

Sorpresaz beteriko Buruz Burukoa izaten ari da. Finalerdietara Dariok, Jakak, Elezkanok eta Altunak egin dute aurrera,  bidean, aurreko txapeldun Irribarria, txapeldunorde Urrutikoetxea, Agirre eta Ezkurdia utzi eta gero.