Euskaraldia hasteko aste bat falta da. Ariketa sozial horrekin hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotu nahi da azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Izena emateko epea zabalik dago oraindik eta, oraingoz jende gehienak ahobizi rola aukeratu du. Baina Euskaraldia aurrera eramateko bi rolak dira ezinbestekoak, belarriprestak ere.
Aurreko edizioko emaitzek azaleratu zutenez, belarriprest gisa parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa izan zuten, gerora, hizkuntzarekiko. Beraz, belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten baitiete belarriprest direnek.
Belarriprest sakandarrak
Lehen edizioan eta oraingoan hainbat pertsona izanen dira belarriprest Sakanan.
Cristina Gonzalez altsasuarrak aurreneko Euskaraldian parte hartu zuen. Adierazi duenez, "niretako euskara kulturaren parte oso garrantzitsua da. Nik ez dut ikasteko aukerarik izan. Euskaltegietan-eta egon naiz, baina hitz egitea zaila egiten zait". Gonzalezek bere inguruan euskara hitz egiten duen jendea du; semea euskaraz aritzen da. "Uste dut ekarpena egin beharra dudala". Lehen Euskaraldia esperientzia "ona" izan zen berarendako, "dibertigarria da". Azaldu duenez, "lanera, dendara, jendea euskaraz hitz egiten etorri zen. Beti dago, baina Euskaraldiarekin arreta gehiago jarri nuen. Jende guztia saiatzen zen ni ulertzeko moduan hitz egiten. Egia esan, gustura, dakizun gutxiaz gozatzen duzulako".
Isabel Gallego irurtzundarrak "mintzapraktika egiteko" parte hartu zuen aurreko Euskaraldian. Esperientziaz galdetuta esan duenez, "pixka bat arraroa izan zen, baina polita". Aurten "hobe" ariko dela esan du. Egoitz Aldaz Osinaga olaztiarrak "euskararen alde" dagoelako parte hartu zuen aurreko Euskaraldian. Bere esperientzia honela laburtu du: "ona izan zen, baina pixka bat gogorra". Daniela Alonso irurtzundarrak "euskara praktikatu nahi zuelako" parte hartu zuen Euskaraldian. Esan duenez, ariketa sozialak "familiarekin ez zuen funtzionatu, baina lagunekin bai. Esperientzia ona izan zen". Juankar Mogollon irurtzundarrak azaldu duenez "2018ko Euskaraldian oso gustura ibili nintzen euskara praktikatzen". Aurten ere belarriprest izanen da.
Etxarri Aranazko AEKko ikasle belarriprestak
Etxarri Aranazko AEKko ikasleak ere belarriprestak izan ziren eta izango dira. Ariane Paniaguak esan duenez, aitzakia oso ona izan zen umeekin euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko. Maite Arruabarrenak euskara ulertzen du, "baina hitz egiteko, elkarrizketa segitzeko, ezin dut. Urduri jartzen naiz. Oso gustura etortzen naiz ikastera eta lasaiago egoten naiz kalean euskaraz egiten. Jendeak laguntzen dit". Maitek belarriprest izatea erabaki du "lasaiago ibiltzeko". Eufemia Razkinek esan duenez, "oraindik ez daukat konfiantza hitz egiteko euskaraz, baina denborarekin, seguru, hobe ikasiko dudala". Reme Ulaiarrendako aurreko Euskaraldia "esperientzia ona izan zen. Jende asko ikusi nuen euskaraz hitz egiten edo saiatzen behintzat, Etxarrikoan eta batuan. Jendea oso pozik ikusten nuen, lotsagabe. Hori oso garrantzitsua da". Mattias Bergmanendako esperientzia ona izan zen aurreneko Euskaraldia. "Orduan Arbizun bizi nintzen eta arbizuarrek bazekiten nor nintzen. Eta beti euskaraz hitz egiten nuen kalean. Baina Iruñera joaten nintzenean, belarriprest txapa oso ona zen jende berriarekin euskaraz hitz egiteko".
Dolo Urkijok esan duenez, "aurreko aldia oso aberasgarria izan zen. Asko ikasi nuen. Eta jende gehiago hasi zen nirekin euskaraz egiten, eta beti errespetu handiarekin, nahiz eta gutxi nekien. Aurten ilusio handia daukat, gehiago ikasteko eta gehiago hitz egiteko". Asun Erdozia "oso gustura" sentitu zen lehen Euskaraldian. "Orain, pixkanaka, baina aurrera" joatearen sentipena du, "hitz gehiago eta garbi egiten dut".