Nafarroan 0-3 zikloa aztertzeko lantaldea osatuko da

Guaixe 2020ko aza. 17a, 10:57
Soldata duinak eta ratioak jaistea izan dira 0-3 Plataformaren aldarrikapenetako batzuk. ARTXIBOA

Bertan hura kudeatzen duten erakundeen ordezkariek parte hartuko dute

Haur Hezkuntzako lehen zikloa hobetzeko aldarrikapen dinamika handia zuen Nafarroako 0-3 Plataformak, pandemia iritsi eta guztia eten zuen arte. Hala ere, plataformako kideek beraien aldarrikapenei eusten diete, esate baterako: gela bakoitzean dagoen haur kopuruaren ratioa jaistea eta bat egitea Haurrendako Europako Batzordeak gomendatzen dituen ratioekin. Aldaketa hori onartuz gero gaur egun Nafarroan indarrean daudenen ratioak erdira jaitsiko lirateke. Horrekin batera langileen soldatak handitzea ere eskatu dute.

Plataformako kideek eta Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdi politikoek bilera izan zuten joan den ostegunean. Plataformaren iritziz, "klase politikoak zikloaren baldintzak hobetzeko borondatea erakutsi du, baina denbora luzean lehen aldiz, urrats sendoak emateko eta hezkuntza ziklo hori duintzeko bidean aurrera egiteko sentsazio komun batekin atera ginen bileratik. Garrantzitsua iruditzen zaigu Gobernuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko lantalde ofizial bat sortzeko hartutako konpromisoa". Orain arte egon ez den sektoreko mahaia izanen da.

Aurrekontuak
Foru administrazioak ikasturte honetan errefortzuko langileak kontratatzeko 1.365.000 euro iragarri zituen lastailaren 30ean. Plataformatik azaldu dutenez, diru hori aurtengo aurrekontukoa da eta bi iturrietatik osatuko da. Batetik, EH Bilduren eta PSNren arteko 2020ko aurrekontuen akordioan hitzartutako 600.000 euroak. Eta, bestetik, aurreko ikasturtean 0-3an gastatu gabeko aurrekontutik. Izan ere, martxoan haur eskoletako langileen kontratuak bertan behera gelditu ziren eta, horren ondorioz, Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako finantzaketa hitzarmena ezin izan dute bete udalek, langile gastuak justifikatzerik ez zutelako. Gobernuak kopuru hori 0-3 ziklora bideratzea erabaki du.

Nafarroako 2021eko aurrekontuak onartzeko tramitazioa bete-betean etorri da albistea. Plataformako kideek emendakinak aurkezteko asmoa dute, "bi proposamen zehatzei aurrekontu nahikoa emateko". Bitartean batzordea osatzeko prozedura gertutik zainduko dute, "zentzuzko denboran eta moduan eratzeko".

Sakanako haur eskolak

  • Uharte Arakilen Pausoka haur eskola
  • Arbizun Kattuka haur eskola
  • Altsasun Txirinbulo haur eskola
  • Altsasun Txioka haur ikastola (ez du finantzaziorik jasotzen)