Nafarroako Gobernuak 20 milioi eurora handitu du ostalaritzarako laguntzen kopuru ekonomikoa

Guaixe 2020ko aza. 17a, 10:01
Jendea Altsasuko Zumalakarregi kaleko terrazetan.

Gobernuak azaldu du sektorea laguntzeko "konpromisoa" duela. Ebaluazioa banaka egingo du Gobernuak eta oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek 25.000 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte gehienez

Pandemiak gogor jo du ostalaritza, eta sektorea laguntzeko konpromisoa duela berretsi zuen atzo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Aierdik. 
Aierdik azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuak ostalaritzari emango dizkion laguntza zuzenak bikoiztuko ditu, 20 milioi eurotaraino, eta laguntzak urtea bukatu baino lehen emango dituela ziurtatu du. Hortaz, sektorea laguntzera bideratuko den kopurua %100ean igoko du. "Garrantzitsua da laguntza horien zenbateko ekonomikoa, eta Gobernuak sektorearekiko duen konpromisoa erakusten du” azaldu zuen Aierdik. 

Ebaluazioa, banaka
Iragarritako laguntza ekonomikoei dagokienean, atzo adostutako lerro berria ostatu-zerbitzuetarako, janari eta edari zerbitzuetarako, bidaia-agentzientzat eta jarduera turistikoetarako, gaueko aisialdirako eta edarien banatzaileentzat izango da. Ebaluazioa banaka egingo da, eta oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek 25.000 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte gehienez. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte fakturazioan gutxienez %20ko murrizketa izan dutela egiaztatzen dutenek, 2020ko lehen hiruhilekoen eta 2019koen arteko konparazioan, BEZaren aitorpenetan. Nafarroako Gobernuak, halaber, konpromisoa hartu du tratamendu espezifikoa eskaintzeko zenbatespen objektiboaren sistemaren bidez zergak ordaintzen dituztenei. 

Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilari Elma Saizek azaldu zuenez, "modu alemaniarrean” eman nahi zaio laguntza  ostalaritzari. "Estatu osoan ez dago ostalaritzarekin honakoa bezalako konpromiso handirik” nabarmendu zuen Saizek. 

Bi aldeen arteko bilera
Foru Exekutiboak neurri horren berri atzo eguerdian eman zion ostalaritzako sektoreari elkarrekin izan zuten bileran. Bertan, sektoreak egungo osasun-krisiaren esparruan duen egoera nahiz Nafarroako Gobernuak aurreikusitako laguntza-lerro berriak jorratu zituzten. Aipatu bezala, ostalaritza establezimenduetako terrazen irekiera azaroaren 26ra aurreratzea baloratuko du Gobernuak, pandemiaren garapenaren arabera. 

Ostalaritzak "Gobernuaren esfortzua" eskertu du
Nafarroako ostalaritza elkarte nagusiak atzo bileran bildu ziren Nafarroako Gobernuarekin eta Gobernuak laguntzak zabaltzeko egindako "esfortzua” baloratu zuten.

Nafarroako Ostalaritza eta Turismoko Elkarteko (AEHN) presidente Ana Beriainek "Nafarroako Gobernuak egin duen esfortzua” eskertu zuen. "Letra txikia ikustea falta zaigu, baina konfiantza dugu, Nafarroako Gobernuaren borondatea sektorea laguntzea dela uste dugulako. Benetako laguntzak dira, ongi etorri behar direnak” gaineratu zuen. 

Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkarteko (Anapeh) Maria Rodriguez presidenteak Nafarroako Gobernuak egindako esfortzua aitortu zuen, "baina horrenbeste denbora itxita egon ondoren, ez da nahikoa” kexatu zen. "Espero dezagun laguntzak denei heltzea” gaineratu zuen. 

Dantzaleku eta Diskoteken Nafarroako Elkarteko (ASBANA) presidente Carlos Tabarrek, bestalde, "datorren urterako etorkizunerako plana” zehaztea eskatu zuen. "Garrantzitsua dirua heltzea eta etorkizunerako izatea da. Datorren urterako plana egitea beharrezkoa da” adierazi zuen.