Claudio Doroteo Dieguezen gorpuzkiak identifikatu dituzte

Guaixe 2020ko aza. 18a, 09:40
Otsoportillon 36ko erahildakoen alde egindako omenaldietako bat.

Etxarriarra Sorozarretan erahil zuten 1936an eta haren gorpuzkiak Nafarroako Memoriaren Institutuak identifikatu ditu, Otsaportilloko leizean berreskuratutakoen artean, bere alaba Concha Dieguezen DNAri esker

Errioxarra zen jaiotzez Claudio Doroteo Dieguez Loza, San Asensiokoa (1.900-10-30). Trenbideko sugile edo ikazkina zen eta Etxarri Aranatzen bizi zen, ezkonduta, lau seme-alabekin. CNT sindikatuko afiliatua zen. 1936ko irailaren 13an Miranda de Ebron atxilotu zuten, bertan lan egiten ari zela, eta Altsasura bidali zuten.  Familiak jasotako testigantza baten arabera, gau horretan bertan Sorozarretara eraman zuten, han erahil zuten, beste hiru sakandarrekin batera. Gorputzak bertan utzi eta bizilagun batzuk bertan lurperatu omen zituzten. 

Nahiz eta Sorozarretan bilaketa lanak egin, ez ziren haien gorpuzkinak bertan aurkitu. Nafarroako Memoriaren Institutuak asteartean eman zuen berri ona: Claudio Doroteo Dieguez Loza identifikatu dute, 2016an Otsaportilloko leizean berreskuratu zituzten gorpuzkien artean, bere alaba Concha Dieguezen DNAri esker. Nafarroako Memoriaren Institutuaren, Nafarroako Gobernuaren DNA Banku publikoaren eta Nasertic laborategi publikoaren lanen emaitza izan da identifikazioa. Identifikazio honek erakutsi du norbaitek Sorozarretako gorpuzkinak hartu eta Otsaportillora eraman zituela.