Pilota

Binakako Txapelketako finalerdia jokatu behar dela erabaki du EPELeko Lehiaketa Epaileak

Guaixe 2020ko aza. 18a, 14:00
Urrian jokatu gabe geratu zen finalerdia abenduaren 4an jokatuko da.

Ezkurdiak eta Martijak eta Agirrek eta Albisuk abenduaren 4an jokatuko dute Baikoko grebarengatik urriaren 10ean jokatu ez zen finalerdia

EPELeko (Esku Pilotako Enpresen Liga) Borja Oses Garcia Lehiaketa Epaileak  Binakako Txapelketaren inguruan erabakia hartu du. Jakina denez, urriaren 10ean Binakako finalerdia zuten jokatzekoa Ezkurdiak eta Martija ordezkatu behar zuen Bikuñak Agirreren eta Albisuren kontra, baina azken bi hauek ez ziren frontoira agertu Baikoko zenbait pilotari egiten ari ziren greba jarraitu zutelako. Orduan epaileak esan zuen greba eskubidea aitortzen ziela, baina partida galdutzat eman zien eta Ezkurdia eta Martija sailkatu zituen Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra finala jokatzeko. 

Agirrek eta Albisuk epaitegietara jo zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak finala bertan behera uztea ebatzi zuen. Bien bitartean, Baikoko pilotariek greba utzi zuten, pilotariek eta EPELek akordio sektoriala lortu zutelako, eta Agirrek eta Albisuk atzera egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gizarte Salan aurkeztutako demandan. 

Egoera guztia kontuan hartuta, EPELeko Lehiaketa Epaile Borja Osesek erabaki du Binakako Txapelketako finalaurreko partida abenduaren 4an jokatuko dutela Ezkurdiak eta Martijak Agirreren eta Albisuren kontra. Irabazleak Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira abenduaren 8an, Ama Birjiñaren egunean, Binakako final handian.