Lehen arretako osasuna izatea eskatu dute Osasun Etxeetako ateetan

Guaixe 2020ko aza. 19a, 10:00
Altsasuko Osasun Etxearen aurrean egin zen elkarretaratzea. LABNAFARROA

Etxarri Aranatz eta Altsasuko Osasun Etxeen aurrean kontzentrazioak egin ziren atzo. Datorren asteazkenean elkarretaratzeak eginen dituzte, eta azaroaren 28rako manifestazioa deitu dute, Iruñean

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, Nafarroako hainbat osasun etxeren parean kontzentrazioak egin ziren atzo, azaroak 18, 'Osasun Etxeak zaindu!' lelopean, Nafarroako Gobernuari lehen arretako osasuna izatea eskatzeko. Tartean, Etxarri Aranazko eta Altsasuko Osasun Etxeen aurrean.

Deitzaileen iritziz, “gizarte mobilizazioak eta osasun arloko langileenak bakarrik defendatu eta hobetu ahal izanen dute osasun sistema publikoa, bidezkoa, unibertsala, prebentiboa eta lehen mailako arretan oinarritua, Nafarroako gizarteak halako osasun sistema behar baitu pandemia honi eta etorkizunekoei aurre egiteko”. Plataformak asteazkenetarako, 11:00etan, jarri du hitzordua. Gainera, azaroaren 28an, larunbata, manifestazioa deitu dute Iruñean. 


Etxarri Aranazko Osasun Etxearen aurrean egin zen elkarretaratzea. LABNAFARROA