Bakardadea uxatzeko, hobe maskotak adoptatzea erostea baino

Erabiltzailearen aurpegia Josune Gorriti 2020ko aza. 20a, 08:17

Haurra nintzela, kalean zein basoan ikusten nituen animaliak gure etxean bukatzen zuten, nahiz eta amak argi eta garbi esana zidan: "Ez ekarri inolako animaliarik, gero nik neuk zaindu beharko ditut eta". Aitortu behar dut orain nik gauza bera esaten diodala semeari.

Mitxinak, txoriak, arrainak, kilkerra, txipak edo zapaburuak edota karakolak izan genituen. Herrian galdurik agertutakoak, basoan "erreskatatukoak" edota norbaitek emandakoak ziren; izeba Elvirak eman zigun dortoka zaharra bezala, gurean gutxi iraun zuena, gaixoak. Oparitua ailegatu zen ere Dorado arraina. Honek patu txarragoa bizi zuen, arropa garbigailuaren atzean seko hilik aurkitu baikenuen, bat-batean desagertu, eta egun luzez bilatu ondoren. Dirudienez, hor bukatu zuen jauzi nagusi bikoitza egin ondoren. Habiatik eroritako txoriak ere etxeratu genituen behin. Txiki-txikiak, lumarik gabe, gorrixka garden eta moko horixkakoak. Xiringa txiki batekin ematen genien jatekoa. Ez zuten luzaroan irauten, bizirik mantentzen ahalegintzen baginen ere. Bat soilik hazi eta naturan berraskatzea lortu genuen ahizpak eta biok.

Egun Internet sareak munduko edozein tokiko izaki bitxiak erosteko aukera ematen digu, gizarte materialista eta indibidualista honetan, bakardadeari aurre egiteko. Gabon arraroak biziko ditugu aurten, COVID-19aren mehatxu globala dela eta. Batzuek bakardadean ospatu beharko dituzte festak. Zenbaitentzako egoera berri hau onuragarria izango da. Besteen kasuan, aldiz, berez bizi duten egoera jasanezin tristea areagotuko zaie. Edozein urtaro eta bizitza atal ezberdinetan, animaliak edota maskotak bakardadea uxatzen laguntzen digute. Gogoratu, maskoten inguruko hausnarketa egiterakoan: luzerako izan dadila eta hobe adoptatzea, erostea baino. Egun animaliak adoptatzeko edo hartzeko aukera ezberdinak badira, baita Interneten  ere. Adibidez, "Las Txikas de Etxauri", ekimen benetan berezia. Bere Facebooken lotura hementxe:  www.facebook.com/TxikasdeEtxauri