Urria bukaeran Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek ezarritako salbuespen egoeraren aurkako salaketa kanpaina abiatu genuen. Agerian utziz, birusaren hedapenaren aitzakiapean hartutako neurriek, osasun arloari erantzutetik urrun, gutxi batzuen interes ekonomiko eta politikoei erantzuten dietela.
Gure egunerokotasunean pobretzea eta eskubide zibil zein politikoen urraketa nabarmendu dira. Burgesia datozen urteetan gure bizitzak arautuko dituen norma eraikitzen ari da. Horrela, normaltasun berria pobreziak, arbitrariotasunak eta kontrol sozialak ezaugarrituko duela agerian gelditu da.
Gainera, eskubide zibil eta politikoen ezabapenaren aurrean alderdi politiko instituzionalek ez dute oposizio errealik planteatu. Izan ere, sozialdemokraziak ezarri diren neurriak zuritu eta erantzukizuna indibiduoan ezarri ditu. Honen adibide da gazte langileongan areagotu den kriminalizazioa, ardura gure aisialdian jarriz, ikastetxe, lantoki edota garraio publikoan segurtasun neurri eskasekin aurkitzen garen bitartean.
Kapitalismoaren fase aldaketaren baitan, biztanleriaren gehiengoa babesgabe aurkitzen da, honen adierazle dira etxe-kaleratzeak edo osasun eskubidearen urraketa.
Irtenbide bakar gisa antolakuntza komunista defendatzen dugu. Eskubideen defentsarako eta askatasunaren unibertsalizaziorako alderdia egoera honi aurre egiteko bidea dela deritzogu.
Heldu den larunbatean, aldarrikapen nagusi hauekin aterako gara kalera: neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea, osasun baliabide sozialak indartzea, eskubide zibil eta politikoak bermatzea eta langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.
Larunbatean, azaroak 21, Nafarroako GKSk Iruñeko autobus geltokitik 18:30tan abiatuko dugun manifestaziora gerturatzeko gonbita luzatzen dugu.