Badakigu azken hilabeteotan herriz herri, auzoz auzo egiten ari den lanak oinarri sendoak jarriko dituela, eta horrek aukera emango duela aurrerago dinamika are indartsuagoa abian jartzeko, horretarako garaia da eta. Gizarte honek konponbidearen bidea eraiki nahi du, preso eta iheslariak etxera bueltatzeko bidea, bizikidetzara eta bakera daraman bidea.
Azaroaren 21ean berriz aterako gara gure herri, auzo eta hirietako kale eta plazetara, egun horretarako deitu ditugun hainbat ekimenetan parte hartzera. Ikusten duzuenez, ez gara gelditzen, ez dugu gelditu nahi. Lerro hauen bidez animatu nahi ditugu herritarrak, bidearen parte izan nahi duten guztiak, azaroaren 21ean kalera atera daitezen beste behin ere.
Helburua presoak eta iheslariak etxera itzultzea da. Eta horretarako, urratsez urrats, bidea egiten jarraituko dugu. Aurrera begiratu eta aurrera egin nahi dugu. Espainiako eta Frantziako gobernuei borondate politikoa eskatzen jarraitu behar dugu, eta horrekin batera salatu oraindik ere ehunka preso daudela etxetik urrun, kilometro askotara. Azken hilabeteetako mugimenduekin ez da urruntze politika bukatzen, ez eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko politika ere. Urtetako sufrimenduari behin betiko soluzioa emateko borondate politikorik ez dagoen bitartean, horiek adabaki hutsak izango dira. Guk urruntze politika behin betiko amaitzea eta preso guztiak etxera etortzea nahi dugu. Argi eta ozen diogu: etxera.
Azken finean, egungo espetxe politikak ahalbidetzen du oinarrizko eskubideen urratze larriak gertatzea. Horrek agerian uzten duen ankerkeria amaierarik ez duen zigor erantsia da, ezin bestela ulertu. Horrexegatik, berriz ere, justizia eta salbuespen erregimenaren bukaera eskatuko ditugu, biak ukatzen ari zaizkielako euskal presoei.
Azkenik, aldarrikatu nahi dugu euskal presoak eta haien senideak ez daudela bakarrik eskubide urraketa horien aurrean, kalean gero eta gehiago garelako haien duintasunaren, haien eskubideen eta haien etxeratzearen alde borrokan.
Segi dezagun lanean orain arte bezala. Unea iritsi da. Gehiengo politiko, sindikal eta sozialak ere hala eskatzen du. Helburua lortu arte, urratsak egiten jarraitu behar dugu. Segi dezagun bidea egiten, izan gaitezen bidea. Bidea gara, bidean gaude.