Aitaren gorpuzkiak topatuta, orain lasai hil daitekeela dio Concha Dieguezek

Maider Betelu Ganboa 2020ko aza. 23a, 13:00

Claudio Doroteo Dieguez etxarriarra Sorozarretan erahil zuten 1936an eta haren gorpuzkiak Nafarroako Memoriaren Institutuak identifikatu ditu, Otsaportilloko leizean berreskuratutakoen artean, bere alaba Concha Dieguezen DNAri esker

Errioxarra zen jaiotzez Claudio Doroteo Dieguez Loza, San Asensiokoa (1900-10-30). RENFEko trenbideko sugile edo ikazkina zen eta Etxarri Aranatzen bizi zen, ezkonduta, lau seme-alabekin. CNT sindikatuko afiliatua zen. 1936ko irailaren 13an Miranda de Ebron atxilotu zuten, bertan lan egiten ari zela, eta Altsasura bidali zuten. Familiak jasotako testigantza baten arabera, gau horretan bertan Sorozarretara eraman zuten, han erahil zuten, beste hiru sakandarrekin batera. Gorputzak bertan utzi eta bizilagun batzuek bertan lurperatu omen zituzten. 

Sorozarretan ez zituzten aurkitu
Egun Berriozarren bizi den bere alabak, Concha Dieguez etxarriarrak, aitaren gorpuzkiak bilatzeko lan nekaezina egin du urte luzez, Sakanako beste hainbat senitartekoekin batera. Duela 4 urte, 2016ko irailaren 14an, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak, hainbat sakandarren laguntzaz, 1936an Sorozarretako bide bazterrean eraildako lau errepublikazaleak omendu zituen, gertakarien 80. urtemugan. Claudio Doroteo Dieguez Loza etxarriarra eta Eustaquio Bengoetxea Bengoetxea, Hilario Goikoetxea Agirre eta Miguel Mikelez Agirre izan ziren gau hartan erahil zituzten lau sakandarrak, eta haren senitartekoak eta Sakanako udal ordezkariak izan ziren omenaldi ekitaldian. Nafarroako Gobernuari lau hildakoak opatzeko ahalegina egitea eskatu zieten, “senideek, azkenik, atseden hartu ahal zezaten”. 

Nahiz eta Sorozarretan bilaketa lanak egin, ez ziren haien gorpuzkiak bertan aurkitu. Izan ere, N-1 errepide zaharra, NA-1000, 1936tik lautan zabaldu eta berritu egin da, eta gorpuzkiak haren azpian leudekeela pentsatzen zen. Aranzadi zientzia elkarteak 2010ean georradarra pasa zuen, baina ez zuen gorpuen arrastorik opatu. Zezilio Oiarbidek 12 urte zituen eta aldameneko baserri batean bizi zen gorpuak ikusi zituenean. 2015ean harekin joan ziren tokia zehaztu asmoz. Errepidean egindako zabaltze lanek erreferentziak galtzea ekarri du, eta Aranzadi elkartekoek hilobia opatzeko zailtasunak nabarmendu zituzten. 

Sorozarretatik Otsaportillora
Asteartean Nafarroako Memoriaren Institutuak eman zuen berri ona: Claudio Doroteo Dieguez Loza identifikatu dute, 2016an Otsaportilloko leizean berreskuratu zituzten gorpuzkien artean, bere alaba Concha Dieguezen DNAri esker. Nafarroako Memoriaren Institutuaren, Nafarroako Gobernuaren DNA Banku publikoaren eta Nasertic laborategi publikoaren lanen emaitza izan da identifikazioa. Identifikazio honek erakutsi du norbaitek Sorozarretako gorpuzkiak hartu eta Otsaportillora eraman zituela. Otsaportilloko siman edo leizean makina bat pertsona erahil zuten eta toki honek balio sinboliko handia du, bertan omentzen baitira 1936ko erahildakoak, eta Sorozarretako hezurrak aurkitu zituenak bertara eramatea erabaki zuen. 

Senitartekoei DNA laginak ematera hurbiltzeko deia
Gertakariak orain arteko lan hipotesiak berraztertzea ekarri du. Horregatik Nafarroako Gobernuak 1936an erahildakoen senitartekoei Nafarroako Gobernuaren DNA Banku publikora gerturatzeko deia egin die, euren DNA laginak hartzeko. Egun 244 txosten dira zabalik daudenak, baina askoz ere gehiago dira oraindik aurkitu ez diren biktimen gorpuzkiak. Lurpetik ateratako hezurrak identifikatu gabe daude, laborategian ez dagoelako horretarako beharrezkoa den DNA laginik. Beraz, senitartekoen kolaborazioa eskatu dute. 

Merezitako atsedena
Concha Dieguezek 6 urte zituenean ikusi zuen azken aldiz aita. Sarritan azaldu zuenez, “demokraziaren kontrako horiek, inolako zigorrik jaso gabe, gu iraintzen, mintzen eta umiliatzen gaituzte. Fusilatuaren umezurtz izatea, gerran garaitua izatea jasan behar izan dugu haurrak ginenetik, eta zauri horrek dirau”. Familiek duten zauria soilik haien senideen hezurrak berreskuratzeak senda dezakeela nabarmendu izan du. Astearteko berri ona jakiteak sekulako lasaitasuna eman dio egun 90 urte dituen Conchari. “Aita topatu zutela jakin nuenean, bastoia gogor heldu nuen eta hunkitu nintzen. Aldi berean, sekulako lasaitasuna hartu nuen eta esan dezaket aitaren gorpuzkiak topatu eta gero, lasai hil naitekeela” aitortu du etxarriarrak, hunkituta. Urte luzeetako zauria senda eta har dezatela merezitako atsedena.