Presoen korapiloa askatzeko "bidearen parte izatera" eskatu du Sarek

Maider Betelu eta Eneida Carreño 2020ko aza. 20a, 11:30

'Bidea gara, bidean gaude' lelopean presoen eta iheslarien etxeratzea aldarrikatuko du Sareko Izan Bidea dinamikak larunbatean. Sakanako herrietan makina bat ekitaldi izanen dira eta guztiek bat egingo dute 19:30ean Etxarri Aranatzen abiatuko den eskualdeko manifestazio berezian

Sarek Izan Bidea dinamika herrietara eraman nahi du. Horrela, Bidean gara, bidean gaude lelopean mobilizazioak antolatu ditu asteburuan. Helburua, herriz herri, herritarren aktibazioa piztea da, presoen eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko. Nafarroan 40 ekimen baino gehiago izango dira, tartean Sakanan antolatutakoak, guztiak helburu berberarekin: presoen etxeratzea eskatzea. 

Mundiñanok "borondate politikoa" eskatu dio Gobernuari
Nafarroako Sareren arduradunetako bat da Mikel Mundiñano etxarriarra. Azaldu duenez, "Izan Bidea" dinamikarekin gizartea aktibatu nahi dute presoen korapiloa askatzeko. “Ahalik eta sentsibilitate ezberdinena duten pertsonengana heldu nahi dugu, guztien artean bidea egiteko, herri honetan sufrimendu garaiak atzean utzi eta etorkizun batean presoak eta iheslariak etxeratzeko bidean jartzeko, elkarbizitzari eta bakeari ekarpen gisa". Mundiñanok argi du Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozial batek aspalditik aurrerapausoak eskatzen dituela. “ETAk bere jardun armatua utzi zuenetik 10 urte pasa dira, armak entregatu zituenetik 3 urte eta bere disoluziotik 2 urte pasa dira, eta oraindik herri honetan ez da normalizazio politiko bat eman; oraindik herri honetan asko sufritzen ari da, eta badaude itxi beharreko zauriak" gaineratu du Mundiñanok. Horregatik, borondate politikoa eskatu dio Espainiako Gobernuari. 

“Presoen mugimendu batzuk egon dira, baina egoera aldatzeko benetako borondate politikorik erakusten ez bada, mugimendu horiek partxe moduan ikus daitezke. Pausuak norabide onean joan daitezke, baina garaia da benetan borondate politiko batekin egoera hau iraultzeko. Horregatik, guk salatzen jarraituko dugu presoak etxetik ehunka eta milaka kilometrora daudela, batazbeste euskal presoen %80 etxetik 650 kilometrora daudela, eta presoei ezartzen zaien salbuespen politikak aurrera jarraitzen duela. Urruntze politika behin betiko amaitu behar da" dio Sareko kideak. 

Pandemiak espetxeetako egoera gogortu duela nabarmendu du Mundiñanok. “Mediku falta eta higiene falta dago espetxeetan, eta senideek zailtasunak izan dituzte bisitak egiteko. Azken bi asteetan badirudi bidaiatzeko halako “baimen" bat dagoela eta senideek bisitak egin ahal izan dituzte, baina gogoratu behar da preso asko martxotik aurrez aurrekorik edo vis a vis gabe daudela, horrek esan nahi duen guztiarekin" aipatu du Mundiñanok. Sakanako presoen kasuan, ez da aldaketarik ez mugimendurik eman, eta bakoitzak orain arte zegoen espetxean jarraitzen du. Mundiñanok argi du presoak etxeratze bidean jarri behar direla. “Presoak bere komunitatetik gertuen dagoen espetxean egon beharko lukete, legeak esaten duelako baina baita egoera sanitario zail honek hala eskatzen duelako". 

Etxarriko eskualdeko manifestazioak presoen etxeak lotuko ditu
Larunbatean, azaroak 21, makina bat ekitaldi antolatu ditu Sarek Sakanan, Irurtzundik hasita Altsasuraino. Goizean izanen dira gehienak: mendi ibilbideak, erronkak, bizikleta martxak, koadrillen arteko desafioak… jakina, pandemia dela eta ezarritako segurtasun neurriak errespetatuz egingo dira. Sarek arratsalderako Etxarri Aranatzen 19:30ean abiatuko den eskualdeko manifestazioan parte hartzeko deialdia egin die sakandar guztiei. Manifestazio berezia izanen da, Oihan, Asier, Luis, Unai, Juan Ramon, Gurutz eta Karlos presoen etxeak lotuko baitira. “Beraien etxeetatik pasako gara gure elkartasuna eta maitasuna adieraztera" azaldu du Mundiñanok. “Badakigu pandemia dela eta jendea gaizki pasatzen ari dela, baina espetxeetan okerragoa da egoera. Momentua da kalera ateratzeko, presoen korapiloa askatu behar dugula aldarrikatzera. Jendea animatu behar dugu bidearen parte izatera. Segi dezagun bidea egiten, izan gaitezen bidea eta egin dezagun bidea" aldarrikatu du Nafarroako Sareko Mikel Mundiñanok. 

                                                                                                          
Sakanako deialdiak (azaroak 21, larunbata)
-Irurtzun / Arakil: Goizeko 10:30ean Irurtzundik abiatuta, Latasara martxa oinez. 12:00etan ekitaldia Latasan, Jauntsarats, Lekunberri eta Betelutik abiatutako adarrekin batera.

-Lakuntza: 12:00etatik 13:00etara ‘Baietz 200 km egin’ herri erronka, oinez edo korrika, herrian prestatutako zirkuituan. Izena ematea (herrierronka@gmail.com).

-Arbizu: 17:00etan, ekimen mobilizatzailea herrian prestatutako zirkuituan. 

-Etxarri Aranatz: 7:30ean ‘Patioaren bueltan’ ekimenaren hasiera. 12 orduz jarraian patioari buelta; 9:30ean Maiatzera igoera herritarra; 11:00etan bizikleta martxa (Etxarri Aranatz -Lizarragabengoa- Arbizu- Etxarri Aranatz buelta 7 aldiz); 12:00etan Arkaitz Errazkinekin ibilbidea Etxarri Aranazko historian barna; 17:00etan herri kirolak, 7 koadrillen desafioa; 19:00etan joaldunak herrian zehar; 19:30ean eskualdeko manifestazio berezia Oihan, Asier, Luis, Unai, Juan Ramon, Gurutz eta Karlos presoen etxeak lotuz.

-Bakaiku: 9:30ean Irumugetara martxa, plazatik. 10:30ean Mandubitan, 11:00etan Auntzetxen, 12:00etan Irumugetan. 

-Altsasu: 11:30etik 13:00etara: ‘Baietz 300 km egin’ herri erronka, Altsasutik Urdiaingo igerilekuetaraino buelta eginez. Bestela, norberak aukera dezala: oinez, korrika, bizikletan, mendi bueltan… 13:00etan elkarretaratzea Altsasuko Foru plazan, kilometro zenbaketa egiteko.