Pilota / Gomazko Pala

Pilotajaukuko eta Gure Pilotako pilotari emakumeak lanera

Guaixe 2020ko aza. 20a, 10:04
Pilotajaukuko emakume pilotariak entrenatzen hasi zireneko argazkia, 2018an.

Nafarroako Txapelketak hasiko dira asteburuan. Etxarri Aranatzek Emakumeen Paleta Gomako partidak hartuko ditu larunbatean eta bertan Gure Pilotakoak eta Pilotajaukukoak ariko dira;  Pilotajaukuko pilotariak Erron eta Lodosan ere ariko dira, esku pilotan

Asteburuan Nafarroako Emakumezkoen hainbat esku pilota eta gomazko paleta txapelketa hasiko dira. Bertan ariko dira, besteak beste, Etxarri Aranazko Gure Pilota eta Altsasuko Pilotajauku taldeetako emakume pilotariak eta palistak. 

Pilotajauku klubetik adierazi dutenez, Emakumezkoen 2. mailako Eskuz Banakako Nafarroako Kluben Arteko Txapelketan asteburu honetan 2 taldekide izanen dituzte lehian. Sonia Alonso altsasuarrak (Pilotajauku) Lodosako San Francisco Javier taldeko Paternain izango du aurkari larunbatean, arratsaldeko 17:00etan, Lodosan, eta, bestetik, Naroa Agirre urdiaindarra (Pilotajauku) Auñamendi taldeko Agorretaren kontra lehiatuko da Erroko Elizar Toki pilotalekuan, larunbatean, 11:00etan. 

Nafarroako Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketako partidak larunbatean Etxarri Aranatzen
Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuak Nafarroako Emakumezkoen Gomazko Paleta Txapelketako partidak hartuko ditu larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera. Hasteko eta behin, 2. mailan, Etxarri Aranazko Gure Pilotako Artazkozek eta Otxoak Amaya taldeko Quevedo eta Sarasibar izanen dituzte aurkari. Ondoren 1. mailako bi partida jokatuko dira: Altsasuko Pilotajaukuko Murillo eta Lusarreta Mendillorriko Espinalen eta Gorostiagaren kontra ariko dira, eta Etxarri Aranazko Gure Pilotako Saragueta eta Igoa Auñamendiko Ardanazen eta Azanzaren kontra.