Emakumezkoen kontrako indarkeria salatzeko eguna

Guaixe 2020ko aza. 25a, 09:41

Pandemiagatik elkartu ezin denez, online topaketa eginen dute ikasleek.

Hainbat deialdi daude gaurko.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna da gaurkoa. Hori dela eta Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuek ibarreko ikastetxeen arteko topaketa birtuala antolatuko dute. 09:30etik 14:00etara online jardunaldia prestatu dute ikasleendako. Ikasmailaren arabera, ipuin kontalarien edo hitzaldien bidez errespetuaren eta tratu onen inguruan hausnartzeko aukera izanen dute ikasleek. Hortaz, txikienendako Izaskun Mugikak Kolore anitzetako ipuinak saioa eginen du, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan ipuin kontalariak Ipuinen harira errespetuari buruzko ipuinen saioa eginen du. DBH 1., 2., eta 3. mailan Harremanak taldeko hizlari batek tratu onen inguruko hitzaldia emanen du eta DBH 4., Batxilergoan eta Lanbide Heziketako ikasleei Samara Veltek Nik sinisten dizut liburua aurkeztu du. 

Baina horiek ez dira ikastetxeetan eginen diren ekimen bakarrak Sakanako Ikasle Abertzaleak erakundeak deituta kontzentrazioak eginen dira. Altsasu institutuan DBHHko ikasleak 10:50ean ate aurrean elkartuko dira eta Batxillergoko ikasleak, berriz, 11:10ean. Andra Mari ikastolan, berriz, 11:45ean eginen da ikasleen kontzentrazioa, patioan. Bilkura guztietan honako leloa zabalduko dute: bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza!

Arratsaldean mobilizazio gehiago izanen dira emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Lakuntzako Gazte Asanbladak (LAGA) deituta kontzentrazioa eginen da 17:30ean. Genero indarkeriaren aurka, emakume langileok batu!  leloa izanen du bilkura Lakuntzako plazan eginen da, COVID-19 gaitzak eskatzen dituen segurtasun neurriak errespetatuz. Hura bukatuta Iruñean Itaiak, Emakumeen antolakunde sozialistak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu du LAGAk. 

Arbizun, 18:30ean, plazan kontzentrazioa eginen da mugimendu feministak deituta.

Azkenik, Altsasun kontzentrazioa eginen da Iortia kultur gune parean, 19:30ean. Altsasuko Feministak, Bilgune Feministak eta Errefailak taldeek deitu dute bilkura eta honako leloa du: Hetereopatriarkatua lehertu dezagun! Burbuila nuklearrik ez, eskerrik asko!


Egitaraua 
Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuaren egitarauak segida du hurrengo egunetan. Aforoak mugatuak direnez, aldez aurretik gonbidapenak berdintasuna@sakana-mank.eus helbidean eskatu behar dira.

Azaroak 27, ostirala 
19:00etan Sorgin ehiza eta emakume gaiztoaren mitoa deseraikitzen. Hizlaria: Amaia Nausia. Uharte Arakilgo udaletxean. 

Abenduak 11, ostirala 
18:30ean Florecica. Josefina Lambertoren inguruko dokumentala. Arbizuko udaletxean, udalak antolatuta.