Dozena bat hautagai Sakana Sarirako

Guaixe 2020ko aza. 26a, 10:26

Gaur, 17:45ean, jakinaraziko da zein den saritua. Iortia kultur gunean eginen den ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izanen da. 

Sakana Sariak estreinakoz banatuko dira aurten. Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren (SSB) ekimena da eta haren bidez ibarraren eta sakandarren elkarlanerako eta komunitatearen aldeko lanari aitortza egin nahi zaio. Sakanan eragin sozial, ingurumeneko edo ekonomiko positiboa izan duten erakunde edo ekimen kolektiboak, irabazi asmorik gabekoak nahiz badutenak, egindako lana aitortu nahi da sariekin.

Hautagaitzak aurkezteko epea despedituta, saria eskuratzeko dozena bat hautagai aurkeztu direla jakinarazi du SSB-k. Horien balorazioa eginen duen epaimahaia honakoek osatzen dute: David Oroz (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria), Javier Ollo (Altsasuko alkatea eta Burundako ordezkaria), Patxi Xabier Razkin (Lakuntzako alkatea eta Aranazko ordezkaria), Ainhoa Beraza (Irañetako alkatea eta Arakilgo ordezkaria), Javier Artetxe (Sakanako Enpresarien Elkartea), Ainhoa Alvarez (Sakanako dendari eta ostalarien elkartea), Aritz Ganboa (Belardi ekoizleen elkartea), Alfonso Nuin (Bidelagun turismo elkarteko ordezkaria) eta Goizeder Anton (Guaixe fundazioa).