HERRI KIROLAK

Jon Irañeta, Iban Resano eta Goizeder Beltza igandean Bastidan lanera

Guaixe 2020ko aza. 27a, 10:32
Jon Irañeta, azaroaren 7an Irurtzunen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuenean.

Harri jasotzaile irurtzundarrak Binakako Harri jasotze Txapelketan parte hartuko du, aizkolari dorrobarrak Euskadiko 2. mailako Aizkolarien finalean eta aizkolari etxarriarrak Euskadiko 3. mailako finalean

Bastidak Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Euskadiko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak hartuko ditu igandean. Horrekin batera, Egur Sporten Binakako Harri Jasotze Txapelketako 9. eta 10. jardunaldiak jokatuko dira, eta Emakumezkoen Ingude Txapelketako jardunaldi berri bat. Jaialdia igandean, goizeko 12:00etatik aurrera jokatuko da Bastidako pilotalekuan, pandemia dela eta, ateak itxita. ETB1 kateak zuzenean eskainiko du. 

Binakako Harri Jasotze Txapelketa-Gruas Iru Sariko 9. jardunaldia eta 10. jardunaldia izango dira igandean Bastidan erabakiko direnak. 9. jardunaldian Urdax Magunazelaia abadiñotarra eta Jon Irañeta egiarretarra ariko dira lanean. Ondoko harriekin egingo dituzte saioak: 175 kiloko koadroa, 138 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola. Azaroaren 7an Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den 23 urteko harri jasotzaile arakildarrak, 52 altxalditan 5.887,5 kilo jasoz eta aurreko urteko marka hobetuz. Nafarroako txapeldunak bolada onari jarraipena eman nahi dio igandean Bastidan. Bestalde, 10. jardunaldian Jon Unanue “Goenatxo III” eta Hodei Iruretagoiena “Izeta IV” lehiatuko dira. 

Horretaz gain, Urrezko Aizkolarien Euskadiko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatuko dira. 3. mailako finalean 8 aizkolari lehiatuko dira, tartean Goizeder Beltza etxarriarra. Txomin Amundarain, Julen Olano, Alvaro Garcia, Unai Otaegi, Luis Polanco, Julen Aranberri “Elorriaga II.” eta Ibai Soroa izanen ditu aurkari Beltzak, eta 3 kana erdiko eta 60 ontzako 2 enbor erdibitu beharko dituzte. 

Euskadiko 2. finalean, aldiz, 7 aizkolari lehiatuko dira, sakandar bakarra: Iban Resano dorrobarra. Hodei Ezpeleta, Luis Mari Txapartegi, Xabier Zaldua, Joxean Etxeberria, Oier Kañamares IV. Eta Oihan Larretxea izanen ditu arerio. Ondoko lana izanen dute aurretik: 2 kana erdiko, 2 60 ontzako eta 2 72 ontzako erdibitzea.