Klinikak hauskortasun-sindromea goiz detektatzeko programa pilotua abiarazi du

Guaixe 2020ko abe. 3a, 12:20
Josefina Arregi klinikako kudeatzaile Angel Gardachal Ausejo bi fundazioetako ordezkarien artean.

Iruñeko egoitzan hasiko du abendu hasieran eta otsailera arte iraunen du eta, ondoren, funtzionamendua  ebaluatuko da, klinikan behin betiko integratzeko. Plataforma digital baten bidez testen zati handi bat etxetik egiteko aukera ematen du.

Josefina Arregi klinikak hauskortasun-sindromea goiz detektatzeko eta horretan esku hartzeko programa pilotua martxan jarri du. Klinikako kideak Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioetan oinarritu dira hauskortasun-sindromearen gaineko detekzio goiztiarra eta esku-hartzea lantzeko. Klinikaren programa berriak faktore prebentiboa ikuspegi multidimentsionaletik hartzen du, paziente helduek dementzia izan edo ez. 

Programa berriaren helburua da adinekoen artean mendekotasuna eragin dezaketen egoera ezgaitzaileak garaiz detektatzea. Hau da, erorikoak izateko arriskua murrizten laguntzea, eta adineko helduek bizi-kalitatea hobetzea eta beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egotea, egoitzetan instituzionalizatzea atzeratuz edo saihestuz.

Plataforma digitala 
Programa garatzeko e-frail izeneko plataforma digitala garatu dute Josefina Arregi klinikan. Han mediku taldeak hautatutako proba guztiak batu dituzte, jasotako informazioa errazago baloratu eta kudeatu ahal izateko. Plataformak sei eremutan biltzen du informazioa: hauskortasun-test diagnostikoa, muga funtzionalaren baheketa, erorketen baheketa, disfagia-baheketa, nutrizio-baheketa, sarkopeniaren neurketa eta oinarrizko jardueren eta jarduera instrumentalen balorazioa.

Plataformari esker, pazienteek eta haien familiek etxean bertan egin ditzakete azaldutako testen zati handi bat. Ondoren horiek mediku-taldeak kontsultan eginen dituen balorazio eta neurketa teknikoekin osatuko dira. Izan ere, Josefina Arregi klinikak programa hori garatzeko gune bat prestatu du Iruñerriko egoitzan, hauskortasuna lantzeko ekipamendu espezifikoa duena. Espazio horretan, gainera, balioetsitako hauskortasun-mailaren arabera pazienteek programa espezifiko bat jarraitu ahalko dute. Programa hauskortasun mota guztiak dituzten pertsonei egokitu daiteke. Iruñerriko Mediku Kontsulten Zentroan hasi dira probatzen programa eta haren balorazioaren ondoren klinika guztian ezartzeko asmoa dute. 

Angel Gardachal Josefina Arregui klinikako kudeatzaileak esan duenez, “programa pilotu mediko hori gure pazienteei balioa ematen jarraitzeko Josefina Arregui klinikak duen nahiaren barruan dago, gero eta teknika berri gehiago gehituz, baita lanerako metodologia eraginkor eta berritzaileak ere”. Gardachalek gaineratu duenez, “programa horrekin beste pauso bat egin dugu, prebentzio goiztiarrari helduz, dementzia duten edo ez duten adinekoengan hauskortasunak ekar ditzakeen ondorioak arintzeko lan eginez. Beraz, adineko pertsonen hauskortasunaren arloan gure ohiko lanketa zabaltzeko apustua egiten dugu”. Kudeatzaileka gaineratu duenez, plataforma digitalaren bidez egindako datu-bilketak lagin fidagarria badu, klinikak aurrera egiten jarraituko du dementzia hauskorra duten pazienteen hauskortasunaren prebalentziari buruzko ikerketa-lanean. Eta aurreratu du klinikak jardunbide egokien jardunaldi bat eginen duela Iruñean udaberrirako. 

Babeslea
Proiektuak Nafarroako Kutxa fundazioaren eta La Caixa fundazioaren babesa izan du, Innovasocial 2020 deialdiaren barruan. Gardachalek eskerrak eman dizkie, “gure klinikarendako eta, oro har, gure foru-erkidegoan psikogeriatriarendako dakarren guztiarengatik”. Kudeatzaileak eskerrak berretsi ditu “Josefina Arregi klinikak bizi duen aro berri honetan izan duzuen babes eta konfiantzagatik. Etapa honetan berrikuntza, profesionalizazioa eta espezializazioaren aldeko apustua egin dugu”.